argia.eus
INPRIMATU
Espetxetik ateratzerakoan ukatu zitzaien diru-laguntza jasotzen hasi dira hainbat euskal preso ohi
  • Espainiako Gobernuak espetxetik ateratakoei ematen zaien langabezia laguntza jasotzeko eskubidea ukatu zien euskal presoei 2013an, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak presoen kondenak luzatzea ahalbidetzen zuen Parot Doktrina ezeztatu ostean. Konstituzio Auzitegiaren eta hainbat salaketen ondorioz, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa (SEPE) sorospen horiek ordaintzen hasi da, Naizek argitaratu duenez.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 02a

Azaroaren 29an, sorospena jasotzeko eskubidea onartu zitzaion preso ohi bati. Horren harira, Espainiako Gobernuak 2013an jarritako araua Konstituzioaren aurkakoa dela azaldu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Gipuzkoako beste preso ohi batek ere kobratu du langabezia laguntza, eta hamasei lagunek jasoko dute urtarrilaren 10ean lehenago ukatu zitzaien dirua, horietako hamabostek Bizkaian eta batek Gipuzkoan. Nafarroan ere, zortzi preso ohiek aldarrikatu dute sorospena, eta horietako baten demanda oniritzi egin du Iruñeko Auzitegiak.

93 dira guztira 2014tik hona bitartean salaketa aurkeztu duten preso ohiak. Denbora tarte horretan, Harrera elkarteak emandako laguntza ekonomikoa jaso dute hainbat lagunek, hilean 426,08 euro kobratzeko eskubidea ukatu izanagatik. Guztira 454.119.04 euro jarri ditu Harrerak, Espainiako Estatuak eman ez dituenak.

Ekainaren 23an Konstituzio Auzitegiak baliogabetu zuen Espainiako Gobernuak 2013an ezarritako sententzia. SEPEren erabakia Konstituzioaren aurkakoa zela adierazi zuen auzitegiak, eta euskal presoek eskubidea dutela langabezia laguntza kobratzeko espetxetik atera ondoren. 93 pertsonetatik 73k ebazpen horren aurretik jarri zuten salaketa, eta gainerako hogeiek ostean.