argia.eus
INPRIMATU
CDRetako azken bi presoak fidantzapean aske utzi ditu Auzitegi Nazionalak
  • Jordi Ros eta Germinal Tomas aske utzi ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, fidantzapean. Kartzelan geratzen ziren CDRetako azken bi kideak dira.

Axier Lopez @axierL 2020ko urtarrilaren 10a
"Ni naiz CDR", atxilotuen askatasuna eskatzeko elkartasun ekimenetako bat. Argazkia: ACN

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia Castellon epaileak 30.000 eta 15.000 euroko fidantza ezarri die, hurrenez hurren. Guardia Zibilak abiatutako kasuaren akusazioaren arabera, Ros eta Tomas lehergailuak sortzeko arduradunak ziren. Judes operazioaren barruan ikertutako CDRetako bederatzi lagunei erakunde terroristako kide izatea, lehergailuak egitea eta edukitzea eta konspiratzea leporatu dizkiete.

Kautela-neurriak ezarri dizkio epaileak: hala nola astero etxetik hurbilen dagoen auzitegian agertzea, Espainiako Estatutik irteteko debekua eta pasaportea kentzea, besteak beste.

"Ordena publikoa aztoratzea" leporatu eta "Islam bortitzarekin" alderatu baditu ere, aske utzi ditu Manuel García Castellón epaileak, bi kideek etxea, familia, lana eta "inguruan finkatutako sare sozial eta familiarra" dituztela kontuan hartuz.

Beste bostak abenduan libre

Terrorismoa leporatuta atxilotu eta espetxeratu zituzten CDRetako beste bost kideak abenduan atera ziren Soto del Real-etik. Haiei 5.000 eta 10.000 euro arteko fidantzak ezarri zizkien Auzitegi Nazionalak.