argia.eus
INPRIMATU
Espetxeratze arriskuan daude bi donostiar, presoen aldeko pankarta bat jartzen saiatzeagatik
  • Joseba eta Eñaut Alvarez aita-seme donostiarrek espetxe zigor eskaera jaso dute, 2023ko San Sebastian bezperan Parte Zaharreko Plaza Berrian presoen etxeratzearen aldeko pankarta bat jartzen saiatzeagatik.

Beñat Parra @parrabenat Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko irailaren 05a
Eñatu eta Joseba Alvarez aita-semeak. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)

Iazko maiatzean, 750 euroko isuna jaso zuen bakoitzak eta deklaratzera deitu zituzten, eta zigor eskaera jaso dute orain: urte eta erdikoa Eñaut Alvarezek eta bi urte eta erdikoa Joseba Alvarezek, auzipetuek beraiek baieztatu dutenez. Orain, epaiketa egunaren zain daude.

Piztu Donostia plataformak adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo du zigor eskaera: “Herri eragile ezberdinen ekimen soziopolitikoa da pankarta jartzearena, Donostiak, Euskal Herriak zein munduak bizi dituen arazoen ispilu dira. Adierazpen askatasuna. Donostia Mozal Hiria”.

Auzipetuek hedabide honi azaldu diotenez, “autoritateari atentatua eta lesioak eragitea egotzita” jaso dute aipaturiko zigor eskaera, isun administratibo bana ere jaso dutela gogorarazi dute, “mozal lege gisa ezaguna den arautegia aplikatuz”. “Oso gertaera larria deritzogu kalean aldarrikapenak jartzen ari diren herritarren aurka Poliziak era honetan ekitea, baina are larriagotzat dugu gertaerak judizializatu eta herritarron aurkako ondorio penalak bilatzea. Adierazpen askatasunaren eta oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako beste gertaera baten aurrean gaudela ere salatu nahiko genuke”, gaineratu dute.

Gertakariak

2023ko San Sebastian egunaren bezperan gertatutakoa ere gogoratu dute militanteek, baita nabarmendu ere Euskal Herriko auzo eta herrietako jaiak “festarako eta aldarrikapenerako espazioak” izan direla beti, eta Donostiako San Sebastian eguna ez dela salbuespena: “Urte askotan egin dugun moduan, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik espetxean dauden lagun eta senideen etxeratzea aldarrikatzen zuen bandera zintzilikatzeko asmoz bertaratu ginen Plaza Berrira hainbat herritar. Bandera kolokatzeari ekin genionean, Plaza Berrian zeuden udaltzainak aldarrikapenak jartzea debekatuta dagoela esan eta errefortzuak eskatzearekin batera herritarron aurka oldartu ziren. Borra eta ezkutuak baliatuz, oihu eta mehatxu artean, bandera jartzen ari ginen herritarron aurka egin zuten udaltzainek, azkenean laban bat baliatuz banderaren soketako bat moztea lortu zuten arte, hau kolokatzea ezinezko eginaz”.

Zigor eskaera jasota ere, nabarmendu dute euskal presoen etxeratzearen alde borrokatzen jarraituko dutela: “Mota guztietako oztopoen gainetik, Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak bat egiten duen aldarria, hau da, euskal presoen etxeratzeko aldarria Euskal Herriko eta Donostiako balkoi, jai eta plazetan jartzen jarraituko dugula azpimarratu nahi dugu”.