argia.eus
INPRIMATU
Espetxeratze agindua iritsi zaie Galder Barbado eta Aitor Zelaiari
  • Hala jakinarazi du ANkerkeriari Stop plataformak, eta mobilizazioak deitu ditu astelehenerako.

Aiaraldea @aiaraldea 2023ko irailaren 18a

Espetxeratze agindua iritsi zaie Galder Barbado eta Aitor Zelaiari. Hala jakinarazi du ANkerkeriari Stop plataformak sare sozialen bidez:

 

Azken albiste hau salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte datozen astelehenerako, 19:00etan Amurrioko Herriko plazan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Aguraingo San Juan plazan. "Dei egiten diogu Euskal Herriari herriz herri datozen asteetan mobilizatzera eta elkartasun keinuak biderkatzera", adierazi dute, eta baliabide kutxa sortu dute horretarako. 

Datozen asteetako eskema ere zirriborratu dute elkartasun plataformako kideek. Mobilizazioak antolatuko dituzte herrietan hilaren 18tik 29ra bitartean, eta denbora tarte horretan "elkartasun keinuak" antolatzera deitu dute, "herri, auzo eta ikastetxeetan". 30ean, aldiz, manifestazio nazionala egingo dute, 18:30ean Artium paretik abiatuta. Horrez gain, elkartasun kamiseta erosteko deia ere luzatu dute:

 

Maiatzean berretsi zituzten bi gazteen aurkako lau urteko espetxe zigorra. Hilabete bat lehenago iritsi ziren epaien helegiteak Espainiako Auzitegi Gorenera, bi urteko itxaronaldiaren ostean. Bi gazteen absoluzioa eskatu zuen defentsak. Fiskaltzak, aldiz, zortzi urteko jatorrizko kartzela zigor eskaera aplikatzea eskatu zion Auzitegi Gorenari. Erakunde horrek, aldiz, Audientzia Nazionalak jarritako lau urteko kartzela zigorra berrestea erabaki zuen, baina orain arte ez du espetxeratze agindurik igorri. 

Lau urteko prozesua

Modu horretan amaitu zen 2019an abiatutako prozedura judiziala. Urte horretako otsailaren 7an Barbado eta Zelaia atxilotu zituzten, "material lehergarriak" zituen bidoi bat "helburu terroristekin" gordetzea egotzita. Ia sei hilabete igaro zituzten prebentziozko espetxealdian, eta 2021ko urtarrilean epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean.