argia.eus
INPRIMATU
Espetxeratu egin dute europarlamentuko presidenteordea, Qatarrek erosia zuelakoan
  • Ustelkeria leporatuta kartzelan daude Eva Kaili, europarlamentuko presidente ohi Pier Antonio Panzeri eta beste bi pertsona. Europarlamentuko presidenteorde sozialdemokrata erosi du Qatarko diktadurak, eta dirua eman dio Europar Batasunean haien irudia zuritu dezan, Belgikako epaile baten arabera.

Leire Artola Arin 2022ko abenduaren 13a
Eva Kaili europarlamentuko presidenteordea eta Qatarko Lan ministroa. / Argazkia: Reuters.

Europarlamentuko ustelkeria mahaigaineratu du Belgikako epaile batek, eta haren aginduz, lau lagun kartzelaratu dituzte igandean: Eva Kaili europarlamentuko presidenteorde sozialista grekoa, Pier Antonio Panzeri ganberako presidente ohia, Kailiren bikotekide eta europarlamentuko aholkulari Francesco Giorgi, eta izenik eman ez duten Bruselako beste pertsona bat. Qatarren eroskeria onartu zutela egotzita daude atxilo, eta zera egozten diete: erakunde kriminal baten parte izatea, kapitalaren zuriketa, eta Qatar eta Europako Parlamentua lotzen dituen ustelkeria, besteak beste. Qatarrek ukatu egin du halakorik.

Horiez gain beste bi pertsona ere atxilotu zituzten ostiralean. Bat Kailiren aita zen, 600.000 euro poltsa batean zituela ihes egiten ari zela atxilotu zuten, eta bestea Luca Visentini, Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioko idazkari nagusia. Biak baldintzapean aske utzi ditu epaileak. Kailiren Bruselako etxeko miaketan beste 150.000 euro aurkitu zituzten poltsetan, Naizek dioenez, iturritzat medio greziarrak aipatuta.

Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak ohartarazi du “Europako gizarte ireki, aske eta demokratikoak erasopean” daudela, BBC hedabideak jakinarazi duenez. Karguko zereginak eten dizkiote Kailiri, eta Metsolak azpimarratu du ez dutela ustelkeriarik onartuko eta poliziarekin elkarlanean ari direla.

Zer egin du Qatar zuritzeko?

Eva Kaili sozialdemokrata atxilotu baino bi aste lehenago, Qatarren aldeko hitzartzea egin zuen Estrasburgoko batzarrean, El Diario hedabideak kontatu duenez. “Qatar lan eskubideen abangoardian dago, baita soldaten hobekuntzan ere, nahiz eta europar enpresek ez dituzten eskubide horiek errespetatzen”, defendatu zuen. Batzar horretan eztabaidan zeuden hainbeste diru mugitzen duen futbolaren ondorioz urratutako giza eta lan eskubideak. Eta europarlamentariek ebatzi zuten Qatarrek langileen heriotzak argitzeko ikerketa ireki behar zuela.

Kailik honelaxe erantzun zuen: “Qatarko Mundialak erakusten du nola kiroleko diplomaziak lortzen duen herrialde baten eraldaketa historikoa, arabiar mundua inspiratzen duten berrikuntzak dituena”. Loreak besterik ez zituen Qatarko boteredunentzat, esanez “negozioen negoziatzaile onak” direla, “bizilagun onak, sozio onak”.

Eroskeria harrapatuta, orain ikusi beharko da ea europarlamentari izateagatik duen immunitateak epaiketan nola eragiten duen.