San Fermin eguneko prozesioan udaltzain bati ukabilkada bat ematea leporatzen dio Mari Paz Benito epaileak. Beste zazpi atxilotuek astero sinatu beharko dute epaitegian.
Curia kaleko istiluengatik astelehenean deklaratu zuten hiru pertsonak aske utzi zituen epaileak, astero sinatzeko aginduarekin. Asteartean deklaratu zuten bost pertsonetatik lauri neurri berdina ezarri zien Mari Paz Benitok, baina bat espetxera bidai zuen. Epailearen arabera udaltzain bati sudurra hautsi zion espetxeratuak ukabilkada batez, eta desordena publikoak, autoritatearen aurkako atentatua, gorroto delitua eta lesioak egozten dizkio. Mayak adierazi du udaltzainak udaleko zinegotziak babestu zituela istiluetan, “bereziki UPN eta PSNkoak”, baina asteartean zabaldu den bideo batek frogatzen du udaltzain horrek eraso egin ziela herritarrei, ukabilkada jaso aurretik.
Iruñeko Udalak eta Enrique Maya alkateak eman dituzte kasuaren hainbat xehetasun. Atxilotu guztiei desordena publikoak eta autoritatearen aurkako atentatua leporatzen dizkiete “udalbatzari eraso” egiteagatik. Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da prozeduran.