20 urtez espetxean egon ondoren, iazko urritik kalean zegoen Crespo, hirugarren graduan. Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea, atzera bota du hari hirugarren gradua emateko erabakia, eta Basauriko espetxera itzuli beharko du berriz.
Basauriko (Bizkaia) espetxera itzuli beharko du Jon Crespo Ortega preso politikoak, lau hilabetez kalean egon ondoren. Aurrez 20 urtez izan zuten kartzelan Crespo, eta iazko abuztuan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Urrian, berriz, hirugarren gradua onartu zion Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak, eta baldintzapeko askatasunean egon da ordutik. Auzitegi Nazionalak, ordea, atzera bota du orain erabaki hori, fiskaltzaren helegite bat onartu ondoren.
Espainiako Barne Ministerioak irail amaieran iragarri zuen hirugarren gradua emango ziela Crespori eta beste preso politiko bati, eta El Duesoko (Kantabria) espetxetik Basaurikora ekarri zuten. 20 urte zeramatzan preso: 2002ko azaroan sartu zuten, eta 25 urteko zigorra ezarri zioten talde armatuarekin kolaboratzea, desordena publikoak eta lesioak eragitea eta lehergaiak edukitzea leporatuta.
Antzeko beste kasu bat
Cresporena ez da halako kasu bakarra. Hirugarren gradua onartu eta kalera atera ondoren berriz espetxera joan behar izan zuen Unai Fano euskal preso politikoak ere, iazko urrian. Basauriko kartzelan dute hura ere.