argia.eus
INPRIMATU
G20ko protestak direla-eta atxilotutako bilbotarraren “babesgabetasuna” salatu du haren abokatuak
  • Joan den ostegunean Hanburgon atxilotutako David Rincón bilbotarra behin-behineko espetxealdian egotea erabaki du epaileak. G20 gailurraren bezperako protestetan parte hartzea egotzita atxilotu zuten Rincón; liskarren eremutik kanpo eta afaltzen ari zela gertatu zen atxiloketa, haren lagunen esanetan. Hanburgoko fiskaltzak dio poliziaren aurka botilak jaurtitzea leporatzen zaiola Rincóni; haren abokatuak, berriz, akusazio zehatzak zeintzuk diren oraindik ez dakiela adierazi du.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 11
David Rincónen atxiloketa salatzeko elkarretaratzea Bilbon, joan den astean (Arg.: Ecuador Etxea)

Fiskaltzak berak egin du atxilotuak behin-behinean espetxeratzeko eskaria. Epaileak aintzat hartu du eskari hori eta Rincón espetxera bidali du beste 50 pertsonarekin batera. Haren abokatuak, berriz, saiatzen ari dira bilbotarrari epaiketa azkarra egin diezaioten. Hala balitz, hamabost eguneko epean epaitu beharko lukete Rincón. Gaztea babesgabe dagoela eta poliziak inpunitatez  jokatu duela salatu dute abokatuek.

Aurreko egunetan egin bezala, atxilotutakoarekin elkartasunezko mobilizazioetara deitu dute Bilbon. Besteak beste, Alde Zaharrean elkarretaratzea egingo dute Rinconen askatasuna eskatzeko.