argia.eus
INPRIMATU
Espetxeko azken heriotza “izebergaren punta” besterik ez dela dio Salhaketak
  • Salatu du larunbatean bere burua urkatu zuen presoari ez zitzaiola suizidioen aurkako protokoloa ezarri eta ziegan bakarrik zegoela, aurreko egunetan “ondo ez zegoela” adierazi bazuen ere. Azpimarratu du Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik bere buruaz beste egiten duen hirugarren presoa dela, eta horrek erakusten duela “euskal espetxe ereduak huts” egiten duela. Ostiralerako mobilizazioa antolatu du Gasteizen.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko azaroaren 28a
Aurreko heriotza salatzeko Salhaketaren kontzentrazioa. Argazkia: alea.eus

Iragan larunbatean aurkitu zuten hilotz 47 urteko herritarra. Bere ziegan bakarrik zegoela urkatu zen. “Beraz, badirudi gaur egun ez zitzaiola aplikatzen ari Eusko Jaurlaritzak 2023ko apirilaren 24an argitaratu zuen suizidioak prebenitzeko protokoloa. Hori guztia, azken egunetan pertsona horrek ondo ez zegoela eta tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari zela adierazi bazuen ere”, azaldu du Salhaketa Araba elkarteak. Suizidioen aurkako protokoloaren neurrietako bat da presoak ezin duela bakarrik egon, bere buruaz beste egin dezan ekiditeko, hain zuzen ere.

Bi urte direla eskuratu zuen Jaurlaritzak espetxeen eskumena, eta Salhaketa Arabak gogoratu du ordutik bere buruaz beste egin duen hirugarren presoa dela larunbatekoa. Bi suizidio egon dira Zaballan, eta bat Martutenen. Hala ere, heriotza horiek “izebergaren punta” besterik ez direla salatu du. “Euskal espetxe ereduak huts egiten du, betiko eredua izaten jarraitzen duelako”.

Espetxea vs gizarteratzea

“Espetxeetan gaixotasun mentala duten pertsonen %75 inguru daudela jakinda, hartu beharreko lehen neurria litzateke preso guztiak (%100) suizidioaren aurkako protokoloaren pean egotea”, adierazi du pertsona presoen aldeko elkarteak. Espetxea osasunarekin, bizitzarekin eta gizarteratzearekin bateraezina dela ziurtatu du. Batetik, espetxeka berak “sortzen edo areagotzen” dituelako “natural” gisa izendatzen diren heriotzak zein suizidioak. Bestetik, azaldu du, “ezinezkoa da pertsona bat gizarteratzea, gizartetik bananduz eta isolatuz epe luzez”.

Mobilizazioa

Azken heriotza eta espetxe sistema bera salatzeko mobilizazioa deitu du Salhaketa Arabak. Abenduak 1ean izango da, ostirala, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, eguerdiko 12:00etan.