COVID-19aren pandemia hasi zenetik bi urte pasa direnean dagoeneko horren ondorengo garaia dela iritzita, espetxeetan ikustaldiek oraindik dituzten neurri murriztaileak kentzeko eskatu du Etxeratek.
Hilabeteko azken ostiraleko mobilizazioak probestu ditu Etxeratek auzia mahai gainean jartzeko. Izan ere, elkarteak salatu duenez, aste honetara arte Espainiako Estatuko Espetxe Erakundeak erabat etenda eduki ditu familia eta bizikidetza ikustaldiak El Dueson, Burgosen, Sorian eta Logroñon, eta bizikidetzakoak Alcalan eta Villabonan.
Hego Euskal Herriko espetxeei dagokienez, Iruñeko espetxean ez dira bizikidetzako ikustaldiak berreskuratu, eta gainerako espetxeetan hamar egun arteko konfinamenduak ezartzen dira ikustaldi bakoitzaren ostean.
“Nahikoa da”, adierazi du Etxeratek, pandemiak izan duen bilakaerarekin eta kalean dagoen egoerarekin alderatuta espetxeetan elkar besarkatzeko aukera ematen duten ikustaldiak ez egiteko “arrazoirik ez dagoela” iritzita. Horrez gain, espetxea ez diren beste aukera batzuei ere ausardiaz heltzeko garaia dela gaineratu du elkarteak: preso gaixoak kaleratzea eta hirugarren graduak ematea.
Etxeraten ustez, une egokia da berriro ere Espainiako Gobernuari eskatzeko behingoz preso guztiak euskal espetxeetara hurbiltzeko. Izan ere, kolektiboko 69 preso oraindik ere Euskal Herriko preiferietako espetxeetan daudela gogorarazi dute.
Azkenik, Yvan Colonna preso politiko korsikarraren heriotzaren aurrean atsekabea adierazi du Etxeratek, eta Frantziako Estatuari preso politikoen aurka mantentzen duen salbuespena amaitzeko eskatu dio.