Koronabirusaren hedapena argudio hartuta, aurrez aurreko bisitak debekatu ditu Espainiako Espetxe Instituzio Idazkaritza Nagusiak, Espainiako Estatuko zazpi erkidegotan. Euskal Herriko espetxeak zerrendan daude eta beraz, bisean bisekorik ezingo da egin Zaballan, Iruñean, Martutenen eta Basaurin.
Hiru asterako neurria dela iragarri dute, baina luzatzeko aukera dagoela ere ohartarazi dute. Aurrez aurrekoen ordez, lokutorioko bisita arruntak (kristala tarteko) egingo dira, eta bideo deiak ugaritu nahi dituztela azaldu du Idazkaritzak.
Aranjuez, Estremera, Valdemoro, Soto del Real, Zuera, Logroño… dira komunikazio murrizketa jasango duten beste espetxeetako batzuk.
Pandemia hasi zenetik, presoen baldintzak kritikatzen dituzten ahotsak eta koronabirusari aurre egiteko espetxeetan neurriak eskatzen dituztenak ugariak dira. Beste herrialde batzuetan egin duten moduan, presoak kaleratzeko eskatu dute, bereziki egoera zaurgarrienean daudenak. Baina Espainiako Gobenuak ez du horretarako asmorik adierazi, oraingoz.