argia.eus
INPRIMATU
Espetxeen kudeaketa Jaurlaritzari martxoan transferituko zaiola dio orain Espainiako Gobernuak
  • Estatutuan jasota dauden baina oraindik Espainiako Gobernuak kontrolatzen dituen eskumenak Eusko Jaurlaritzara transferitzeko egutegia hitzartu zuten bi erakundeek pasa den otsailean. Pandemia argudio, egutegia atzeratu egin du Madrilek eta proposamen berriaren arabera, besteak beste martxoan jasoko luke Jaurlaritzak espetxeak kudeatzeko eskumena eta 2022 erdialdean Gizarte Segurantza kudeatzekoa.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 16a

Egutegia betez gero, Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeen gestioa Jaurlaritzaren gain egongo da 2021eko martxotik aurrera. Espetxe politikak, dena den, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren eskutan jarraituko luke. Martxoan beste 11 arloren transferentzia egingo litzateke: aseguruak, segurtasun zerbitzu pribatuak, metereologia, nekazaritza aseguruak, errepideko garraioa, zinema funtsen babesa, arrantza eta laborantzarako produktuen merkatua, turismo paradoreak, ISBN eta ISSNak, eta itsasertzaren gestioa.

2021eko urrian bigarren eskumen bloke bat transferituko litzateke, tartean interes orokorreko aireportu eta portuen (Pasaia eta Bilbo) gestioa.

Aldarrikapen historikoa

Azkenik, 2022an hirugarren eskualdaketa bat egingo lukete eta hor sartuko litzateke Gizarte Segurantzaren kudeaketa, aspaldiko aldarrikapena. Eusko Jaurlaritza pozik agertu da egutegiarekin.