Hitzaldi eta ikuskizunez gain, tatuaiak eta piercingak egiteko aukera izango da gaurtik hasita igandera arte, Donostiako Añorgako Firestone Lantegi Berreskuratuan. Askotariko jarduerak antolatu dituzte errepresioari eta kartzelei aurre egiteko asmoz: hitzaldiak, ikuskizunak, antzerkia, musika, kabareta, piercingak, tatuajeak eta masajeak.
Hiru eguneko egitarau oparoa prestatu dute. Hitzaldi eta mahai inguruen alorrean ondorengoak antolatu dituzte: "Zubietan, edo burtsan kotizatzen diren kartzelak" hitzaldia larunbat goizean, "partiarkatuaren itxiturak: kartzela gizonezko zuri bat da" mahai ingurua larunbat arratsaldean, "ABZ/CIE-ak eta mundu-kartzela: migrazioak giltzapean" igande arratsaldean.
Ikuskizun eta kontzertuak ere: Bunker-612 tragikomedia post-apokaliptikoa eta Bertsxoratan ostiralean, kabaret ikusgarria parte-hartzaile ugarirekin larunbat arratsean edo Jimmy Muelles bakarlariaren kontzertua igandean. Igandean, Pruison Culinary Center deitu duten espetxe sukaldaritza tailerra antolatu dute.
Egitaraua egunez egun:
Tatuatzaile asko lanean izango dira hiru egunetan. Tatuatu nahi duenak egunean bertan txanda hartu beharko du, edo aurrez eskatu ondorengo posta elektronikoan: tattoocircuseh@riseup.net
Presoei idazteko txokoa eta shibari suspentsio pertsonalak egiteko aukera izango da. Jana eta edana bertako produktuekin prestatuko dute eta otordu beganoak eskainiko dituzte.
Bestalde, Oreretako Zintzilik irrati libreak estudioa eramango du Firestonera, eta irratsaio berezia eskainiko du larunbatean, 10:00etatik 22:00etara gutxi gorabehera.
2007an egin zuten Erroman lehen edizioa. Ordutik Europako hainbat lekutan antolatu izan dute, lekuan lekuko izaera propioarekin: Bartzelona, Londres, Tesalónica, Berlin eta Zaragoza, besteak beste. Euskal Herrian seigarren edizioa da aurtengoa eta aurretik ondorengo lekuetan egin izan dute: Bilbo, Eibar, Bergara, Durango edo Soraluzen.
Tatuaia, piercing eta zulatzeak, eskarifikazioa edo gorputzaren bestelako moldakuntzak oinarri dituen kultura, eta kartzelen kontrako borroka batzen dituzte Tatto Circus-ean. Antolaketatik jakinarazi dute, langintza hauetan aritzen direnek, zein bestelako kolektibo eta taldeek, diru irabazi asmorik gabe parte hartzen dutela ekimenean. "Tatto Circus-ean jasotako ezagutza eta baliabide oro presoekiko elkartasuna eta kartzelaren aurkako borrokaren mesedetan jartzen da", adierazi dute.