argia.eus
INPRIMATU
40 urte preso egin ostean, espetxean denbora gehien zeraman palestinarra askatu dute
  • 66 urteko Karim Younis Israelgo kartzeletatik aske atera da ostegunean, soldadu israeldar bat hiltzea egotzita 40 urteko zigorra bete ostean. Espetxean denbora gehien egin duen preso politiko palestinarra da eta erresistentziaren ikurretako bat bilakatua zen. Ongi etorri jendetsua egin diote bere herrian.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2023ko urtarrilaren 05
Karim Younisek 40 urte egin ditu Israelen menpeko espetxeetan.

Tel Aviv iparraldeko Hadarim espetxean zeukaten askatu dutenean. 1983an atxilotu zuten eta Israelgo epaitegiek egotzi zioten hiru urte lehenago Siriako Golango Gain okupatuan soldadu israeldar bat hiltzea. Younis ez da Zisjordania edo Gazakoa, Israelgo estatuaren menpean geratu den Ara herrikoa baizik eta palestinarra da.

Senide eta lagun ugari joan zaizkio ongi etorria egitera ostegun goizean. Al Jazeerari eginiko adierazpenetan, adierazi du espetxetik askatu dutenean polizia-auto ugaritan ibili dutela batetik bestera, eta azkenean herri bateko autobus geltokian utzi dutela goizeko 5:30ean, bere familia edo lagunekin harremanetan jartzeko aukerarik gabe. Goizean, askatu behar zutela esan diotenean, dutxa bat hartzen eta prestatzen ere ez diotela utzi salatu du.

Younisek Al Jazeerarekin hitz egin du askatu eta gutxira, operazio militar batekin alderatuz esan gabe nora zeramaten. Azkenean, bertan zen pertsona baten laguntzari esker lortu du norbaiti adieraztea non zegoen. Orduan hasi da Ara bere jaioterrian jendea kalean biltzen ongietorria emateko.

Aipatutako hedabidean jaso dute pertsona hau ez zela edonor erresistentzia palestinarrean, eta garrantzia handia hartzen ari zela mugimenduan atxilotu zutenean eta hilketak egotzita espetxeratu.

Bere herrira iristean, lehen gauza hilerrira joan eta bere amaren hilarrira joatea izan da, bertako hedabideek jaso dutenez. Bera askatu baino zortzi hilabete lehenago hil zen. Zigorra osorik beteta atera da.

Ez zioten ama agurtzeko aukerarik eman agintari israeldarrek.