argia.eus
INPRIMATU
Espetxean 30 urte daramatzan Frederic Haranburu ‘Xixtor’ askatzea erabaki du Parisko Zigor Auzitegiak
  • Frederic Haranburu 'Xistor' baldintzapean aske uztea erabaki du Parisko Zigorrak Aplikazteko Auzitegiak. Hori da Bakearen Artisauek sare sozialetan zabaldu duten albistea. Hirugarren aldia zen euskal presoak baldintzapeko askatasuna eskatzen zuela.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 27a
Xixtor Haranburu, Ion Kepa Parot, Unai Parot eta Jakes Esnal presoen askatasuna eskatzeko kanpaina egiten ari dira Ipar Euskal Herrian azken hilabeteetan. (Argazkia: Maite Ubiria)

ETAren Argala komandoko kidea izan zen eta bizi osoko kartzela zigorra ezarri zioten 90eko hamarkada erdian. Beraz, zigorrak ez zuen bukaera datarik, Jakes Esnali gertatzen zaion gauza bera.

Zigorra eskumutur elektronikoarekin bukatuko du Haranburuk. Erabaki hori urte askoko lanaren eta mobilizazioen ondorio da Bakearen Artisauen iritziz. "Defentsako abokatuek, gizarte zibilak eta hautetsiek eraman lanari eta mobilizazioei esker lortu da. Gero eta determinatuagoak gira gure lanarekin jarraitzeko, Ion Parot eta Jakes Esnal lehenbailehen atera daitezen eta preso guziak libratzeko bideak idek ditzagun".

BaGoaz elkarteak eta Bakearen Artisauek "30 urte aski dira!" lelopean beren askatasunaren aldeko kanpaina egin izan dute.

Bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan aurrerapauso gisa ikusi dute EH Baik eta EH Bilduk hedabideetara bidalitako balorazioan jakinarazi dutenez.

"Su-etena, armagabetzea, disoluzioa... Azken urteotan izan diren etapa guztiak, Euskal Herrian bake iraunkorra lortzeko bidea egin dira, garaile eta garaitu gabe. Armagabetzea eta hurbilketa batzuk egon badira ere, orohar, frantziar eta espainiar estatuaren zein haien justizien jarrera atzerakoia izan da. Horregatik, Parisko Dei Auzitegiaren jarrera aldaketari ongi etorria egiten diogu. Xistor gure artean izanen dugu eta horrek beranteste gaitu. Emaitza hau, azken urteetan aitzina eramandako mobilizazioei esker lortu dugu eta hortan segitu behar dugu, azken preso politikoa gure artean izan arte", adierazi dute.

Espero dute erabaki horrek "aldaketa iraunkorra" ekarriko duela kartzela politika zein magistratuen jarreran eta datozen berriak zentzu berean joanen direla, bereziki Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Unai Paroten kasuan eta gainontzeko euskal preso politiko guztientzat.