argia.eus
INPRIMATU
Basque Lives Matter
Espetxeak husteko garaia dela diote 8/2013ko bederatzi auzipetuek
  • “Zergatik onartu genuen akordioa?”, diote joan den asteartean Espainiako Auzitegi Nazionalean akordioa lortu zuten 8/2013 auziko bederatzi auzipetuek: “Nagusiki etxera lehenbailehen bueltatzeko akordio baten aurrean gaudelako”.

Xabier Letona Biteri @xletona 2016ko maiatzaren 20a
Eleak-Libre eta BMLko auzipetuek Katakraken hilaren19an elkarrekin egindako agerraldia. (Arg._ BML)

Espetxean denbora luzez nahi zituztenek ez dutela halako plazerrik izango azpimarratu zuten auzipetuek eta “Euskal Herriak bere alde lanean jarraitzeko bederatzi herritar” irabazi dituela. Argi dute Euskal Herria “ez dagoela espetxeak betetzen jarraitzeko garaian, hauek hustekotan baizik”.

Libre bai, baina tinkotasunez diote ez dela justiziarik egin, “ekinbide politikoagatik” zigortu dituztelako, leporatzen zaien bakarra “bilkura politikoetan parte-hartzea eta dokumentazio politikoa edukitzea” baita.

Zigorrari erreparatuz gero hori argi ikusten dela diote, “mundu mailan ez baita batere ohikoa terrorismo delituengatik zigor ‘txikiak’ ezartzea”. AVTko Daniel Porterok ere horixe azpimarratu duela diote, “leporatutako delituak eta zigorra ez datozela bat”.

Ostegunean Iruñeko Katakrak aretoan egindako prentsaurrean gogoratu zutenez, 2010ean atxilotu zituztenean torturatuak izan ziren eta Grande Marlaska epaileak beste aldera begiratu zuen egin ziren salaketen aurrean.

Salbuespen eraikinak eraitsi beharra

Eleak-Libre erakundearekin batera egin zuten agerraldia eta honek ere bere azterketa egin zuen epaiaz. Bederatzi auzipetuak libre direlako poztu ondoren, honako bi galdera utzi zituen airean. Lehena honakoa: Zer analisi egiten dugu disidentzia eskubidearen eta eskubide zibil eta politikoen egoeraz?

Orain zigorrak batzuetan onberagoak eta bestetan ankerragoak izango direla zehaztu zuten, baina beti ere “egiturazko injustiziaren lur-eremuan” jarraitzen dugula. Azken hamarkadetan altxatutako salbuespen-eraikinak zutik direla oraindik eta horiek guztiak eraitsi behar direla, bestela botereak nahi duenean berriz ere jarriko duela indarrean.

Bigarren galdera izan zen ea zer egin behar den eskubideak berreskuratzeko eta erakundeak hiru esparru finkatu zituen: bat, lan ideologikoa, egoeraz ohartu eta beroni buelta emateko; bi, erasoen aurrean, askotarikoen arteko erantzun bateratuak; hiru, herritarrek beren eskubideak erabiltzen jarraitzeko moduak bilatzea.

Azken finean “borrokan jarraitu behar dela” azpimarratu zuten, besteak beste, “disidentzia eskubidearen aldeko birus laranja sedukzio bidez kutsatzen ahaleginduz”.