Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu dute, eta bitan egon da espetxeraturik.
Turkiako Kasazio Auzitegiak Beritan Canözer kazetari kurduaren aurkako kartzela zigorra berretsi du, Turkiako Estatuak erakunde terroristatzat jotzen duen "PKKren (Kurdistango Langileen Alderdia) propaganda egiteagatik". Canözer JinNews albiste agentziarentzat lan egiten duen korrespontsala da, eta duela bost urte, urtebete eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Ameden, sare sozialetan egindako argitalpenengatik. Kasazio auzitegiak zigorra berretsi du orain, eta baliteke laster izatea atxilotua.
Beritan Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Bi aldiz espetxeratu dute, hainbatetan atxilotu, eta zortzi zigor prozesu hasi dituzte bere aurka. Horietako hirutan erakunde terroristako kide izatea leporatu diote, baina errugabetu egin zuten azkenean. Beste lau kasutan erakunde terrorista baten aldeko propaganda egitea leporatuta zigortu dute, eta guztira zazpi urte eta erdiko espetxealdia pilatu du.
Oso ohikoak dira Turkian aurkari politiko, ekintzaile, kazetari, abokatu eta herritar kurduen aurkako atxiloketak. Terrorismo karguak egozten zaizkie maiz, eta horrek haien eskubideak etetea eta espetxeratzea dakar. Kasu batzuetan, akusazioak "legez kanpoko erakunde baten propaganda" delitura mugatzen dira, mugimendu sozialetan eta oposizioan parte hartzea ekidin nahian.