argia.eus
INPRIMATU
Espetxe politikaren legea betearazteko eskatu dute 38 eurodiputatuk
  • Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 21
Europarlamentua

Europako Parlamentuko 38 diputatuetatik 21 Basque Friendship Group taldea babesten duten diputatuak dira. Legearen eta oinarri humanitarioen araberako soluzioak eskatu dituzte parlamentariek. Euskal Herrikoez gain, beste hainbat herrialdetako eurodiputatuak ageri dira sinatzaileen zerrendan, besteak beste: Alemaniakoak, Italiakoak, Irlandakoak, Portugalgoak eta Herrialde Katalanetakoak.

Europako Parlamentuak onartu zituen bi ebazpen nabarmendu dituzte diputatuek. Alde batetik, 2006an “Euskal Autonomia Erkidegoko konponbide prozesua sustatzeko eta laguntzeko parte-hartze aktiboa” eskatu zien Europa mailako erakundeei. Bestalde, 2017ko urriaren 5ean espetxe politikaren aurkako ebazpena onartu zuen parlamentuak.

Frantziako Estatuan presoak gerturatzeko politika onartu zuten arren, Espainiako Estatuan ez da horren zantzurik ageri. Egun, 205 euskal preso daude Euskal Herritik kanpo, eta 184 bizi dira senideengandik 250 eta 1.100 kilometro bitartera. PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak adierazi du gerturatzeak ez direla "inondik inora blokean” egingo.