argia.eus
INPRIMATU
Espetxe politikaren biktimekiko “ahanztura” salatu du Etxeratek Memoriaren Egunean
  • Salbuespenezko espetxe politikaren biktimentzako aitortza eta erreparazioa eskatu ditu Gasteizko Legebiltzar aurrean egin duen elkarretaratzean presoen senide eta lagunen elkarteak. Hiru hamarkadetan espetxe politikak 35 preso eta hamasei senide hil dituela salatu du.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 10a

Memoriaren Egunean mobilizazioa egin du euskal preso politikoen senide eta lagunen elkarteak, Gasteizko Legebiltzarreko ekitaldi instituzionalaren aurretik. “Zoritxarrez, gure herriaren historia hurbileneko memoria kolektiboaren eraikuntzan, salbuespenezko espetxe politikak eragindako biktimei dagokien guztia hutsik jarraitzen du”, salatu dute elkartearen bozeramaileek. Gogoan hartu dituzte politika horien ondorioz “hiru hamarkada baino gehiagotan” hil diren 35 presoak eta dispertsioak behartutako bidaietan errepidean hil diren presoen 16 lagun eta senideak.

Erakundeen aldetik orain arte “ahanztura” soilik ezagutu dutela salatu du Etxeratek, eta “bakarrik” sentitu direla. Esperantza agertu du elkarteak hala ere, 12/2016 Legea beteko dela eta “biktima guztientzako aitortza eta erreparazioan” urratsak egingo direla. “Eztabaida lasaia proposatzen jarraitzen dugu memoria inklusibo baten inguruan, non guztiok islatuta ikusi ahal izango dugun geure burua”.

Estatuaren biktimentzako berdintasuna

Asteazkenean, Foro Sozialeko kide Eneko Calle eta Agus Hernánek Estatuaren biktimak: asimetriatik berdintasunera txostena aurkeztu zuten Gasteizko Legebiltzarrean. Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin bildu ziren aurrena eta talde politikoekin ondoren, Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean. Urrian txosten bera aurkeztu zuten Nafarroako Legebiltzarrean. Madrilen eta Donostian eginiko bi topaketen ondorio da lana, eta bertan estatuaren biktimek maila publikoan jasotzen duten diskriminazioa amaitzea eskatzen du Foroak, “urraketa bera, aitortza bera” printzipioari jarraiki.

 

Foro Sozialeko ordezkariak Gasteizko Legebiltzarreko presidentearekin, Foroaren txostena eskuan. Argazkia: Gasteizko Legebiltzarra.