argia.eus
INPRIMATU
Espetxe politikaren aldaketa sustatzeko Orain Presoak ekimena aurkeztu dute
  • Orain Presoak ekimena aurkeztu dute espetxe politikaren aldaketa bultzatzeko hainbat pertsona ezagunek sinatutako idatziarekin. Manifestua zabaltzeaz gain urriaren 20rako mobilizazi bat iragarri dute Bilbon.

2018ko ekainaren 04a

Kultura, unibertsitate, politika eta komunikazioko 46 aurpegi ezagunek plazaratu dute ekainaren 2an "Orain Presoak" deklarazioa. "Egun –diote idatzian– jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen- neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak, eta, presoa ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen dituztenak".

Hori bideratzen hasteko, lau gai zehatz ikusten dituzte sinatzaileek berehala konpondu beharrekoak:

- Urruntzea. Asteburu oroz ehunka senide ehunka kilometro egitera behartzen dituena.
- Larriki gaixo dauden presoak. Egun gutxiko bizia geratu aurretik, gaixorik dauden presoek behar bezala artatzeko eskubidea dute, hemen eta orain.
- Europako Legediak dioen moduan, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa.
- Lehen graduen aldaketa. Euskal presoek, lehen graduan betetzen dute zigorraren %100, eta hori legearen kontra doa.

"Korapiloak askatzeko unea da", diote Orain Presoak ekimenaren sustatzaileek, "batu ezin izan garenok batzeko unea da. Orainpresoen auzia konpontzeko unea da". Herritarrei dei egiten diete urriaren 20rako antolatzen ari diren manifestazioarekin bat egitera, "herri honetan inoiz izan den mobilizaziorik handiena bilakatzen laguntzera".