argia.eus
INPRIMATU
Esperientziak trukatzeko bilduko dira Arabako gazte euskaltzaleak
  • Arabarrak eta aldi berean euskararen alde egiten duten gazteak badirela aldarrikatzeko asmoz, Arabako gazte euskaltzaleen topaketa izango da datorren urtarrilaren 28an Oihaneder Euskararen Etxean.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko urtarrilaren 13a
Arabako txoko guztietako gazteak bilduko dituen topaketa Gasteizko Gaztetxean bukatuko da. Kontzertuak izango dira. Argazkia: Arabako Alea.

Ongi pasatzeko, edota euren esperientziak besteekin trukatzeko helburuarekin euskararen aldeko ekintzak antolatzen dituztenen bilgunea prestatu dute Topagunetik, Arabarra, gaztea eta euskaltzalea! Bai eta zer? lelopean.   

Lurralde mailan mota honetako elkarretaratzea egiten den lehenengo aldia da, eta horregatik antolakuntzatik "esperimentu" moduan planteatu dute. "Batzuetan gure herrietan egiten diren ekintzek ez dute guri gustatuko litzaigukeen erantzuna izaten. Egun honetako xede nagusia, ordea, gauza guztien gainetik gu gustura egotea da", adierazi du Unai Vianak, antolakuntzako kideak. 

Horretarako, Arabako txoko desberdin guztietako lagunak biltzea lortu nahi dute. "Momentuz, Añana eta Trebiñutik jendea erakartzea kostatzen ari zaigu, baina gainontzeko Kuadrilletako ordezkariek dagoeneko baiezkoa eman digute", azaldu du Vianak.  

Elkarretaratzea

Hamar terdiak aldera, topaketari hasiera emateko herri bakoitzeko delegatuek euren aurkezpenak egingo dituzte. "Hala ere, ez dugu inor aspertu nahi, beraz, hitzaldiak arinak, atseginak edota dibertigarriak izatea eskatu diegu", argitu du Vianak. "Gainera, ahal den neurrian gauza betegarriak eta baliabide asko behar ez dituzten ideiak ekartzea eskatu diegu, esperientzia bera beste herrietara eraman ahal izateko". 

Bertaratutakoen aurkezpenak bukatzerakoan, mintzodromoa edo eztabaidarako mahai-inguruak egingo dituzte, esperientzia bakoitzaren puntu positiboak edota gabeziak zeintzuk diren aztertzeko. Eta amaieran, goizari buruzko balorazioa ere egingo dute. 

Eguerdi partean, aldiz, Gaztetxean bazkaria izango da, eta ondoren, 20:00ak arte, kontzertuak egongo dira, Orbanak, Odolkiak eta Tinko taldeen eskutik. 

Albiste hau Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra