Pablo Iglesias ETArekin lotzeagatik eta Venezuelako gobernuaren eskutik dirua jaso duela esateagatik auzitara eramango du Podemos alderdiak Esperanza Aguirre PPko kidea. Bide penaletik jo baino lehen kontziliazio demanda aurkeztuko dute, Aguirrek esandakoa publikoki ezeztatu dezan.
Alderdiaren ustez Aguirreren hitzek Podemosen irudi publikoa kaltetzea dute helburu: “Gorrotoa bultzatu dezaketen adierazpenak dira eta Podemosen kontrako jokabide biolento eta antidemokratikoak legitimatu ditzakete”.
PPko kidearen adierazpenetan Podemosen eta haren kideen ohorearen kontrako delitua dagoela adierazi dute.
El Paísek Aguirreren hitzak jaso ditu, salaketaren berri izan eta gero: “Podemosek lege-neurriak hartzea oso ongi iruditzen zait, horrela denok jakingo dugu ETAren kontra dauden ala ez. Pablo Iglesiasek ETAren kontra dagoela eta Venezuelako gobernu bolivariarraren eskutik ez duela dirurik jaso esatea nahi dut”.
Crowdfundinga auzia finantziatzeko
Finantziazio kolektiboaren bidez ordainduko ditu Podemos alderdiak Esperanza Aguirreren kontrako auziaren gastuak. 10.000 euro eskatu dituzte, baina ordu gutxitan ia 13.000 euro biltzea lortu dute. Guztira 938 lagunek eman dute dirua.