argia.eus
INPRIMATU
Esperantzara kondenatuak
  • Garaipenik eta galtzekorik gabe kantatzen zuen Garik duela urte batzuk, eta hala bizi dute emakume gehienek haien errealitatea El Salvadorren. Bizitzak ezer gutxi balio duen herrialde honetan, zer esanik ez baliabide urriko emakumeenak.

Leire Murguialday 2017ko abuztuaren 04a
El Salvadorgo emakumeak abortatzeagatik espetxean dauden emakumeentzat indultua eskatzen.

Epaitegietan joan dira orduak, egunak… Eta joan dira aldi berean emozio eta malkoak, inpotentziatik amorrura, minutu bakoitzean haginak gero eta gehiago estutu eta azazkalik gabe gelditu arte. Jada 18 hilabete espetxean daramatzan 19 urteko Evelynen kasua izan da protagonista gure gorputzak zeharkatzen, eta ezin isilik gelditu gure begi eta belarriek lehen lerroan bizi izan zuten injustiziaren aurrean. Zurrumurruek legeak eta frogek baino pisu gehiago dutela erakutsi digu esperientziak hemen, gezurrek lekua dutela epaitegietan, eta boteredunen hitzek emakume gazteen bizitzarekin amaitzeko ahalmena.

Boteredunak edonon; misoginia arnas daiteke emakumeak umeak galtzeagatik kartzelaratzen dituzten lur honetan. Boterea neska hauen amak haurdun utzi eta haien berri inoiz ere eman ez duten gizonak; boterea neska hauek eskolarako bideetan txikitatik hitz zikinez janzten dituzten erasotzaileak; boterea bortxatzen dituztenak, eta isilarazteko ama hilko dutelaren mehatxuak; boterea erabakitzeko eskubidea ukatzen dien sistema, abortuarengatik kondenatzen dituena, ahotsik gabe uzten dituen erlijioaren eragina, emakume hauek hiltzaile bihurtzen dituen (in)justizia…

¡Ahí tienen a todos los violadores sueltos!”, “¡Se necesitan otras juezas!”, “Evelyn sabemos que no fue así, estamos contigo, vos no sos culpable de nada” oihukatzen bota gintuzten auzitegitik epaileak ez hankarik ez bururik zuen sententzia irakurri ondoren, Evelyn 30 urteko espetxe zigorrera kondenatzen zutela aditzera emanez. Fiskaltzak eramandako testiguen hitzen sinesgarritasunari uko egiten zion bere ama besoetan hartuta atera ginen gelatik, denok malkoak begietan neska zeramatzatela. Epaitegia erretzeko gogoa erraitetatik sentitu, hor nonbait ezkutatuta dugun agresibitatea azaleratu. Sentimendu guztiak non gorde, nola kudeatu, eta horiez baliatuta egoera hau zabaltzeko armak prestatu, hori izan da geroztik gure ekintzaren motore.

Ohetik altxatu nintzen hurrengo egunean nerbioak jota, antsietate moduko bat hanketako mugimendu geldiezinean, gorputza nahasia oraindik. Ikasle xume batzuk, gazte amorratuak, iraultza gosez. “Baina guk egiten ez badugu, munduak ez du honen berri izango” batez konbentzitu genituen geure buruak, lotsa den kontrol mekanismoa alde batera utzi eta Evelyn bezala kartzelan dauden beste 20 emakumeei ahotsa jartzeko prest. Esperantza da galdu ez duten bakarra, badira eta atera diren batzuk, eta hainbat eta hainbat haien alde egiten dugunok kanpotik. Las17y+-ek ez badute esperantza galtzen hesi artean mutu dituen sisteman, gu ez gara inolaz ere isilduko!

Suchitoto (El Salvador), 2017ko abuztuaren 3an

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera