argia.eus
INPRIMATU
Esperantza
  • François Hollandek hauteskunde kanpainan agindutakoak beteko baditu, une arras interesgarria bizi daiteke Europar Batasunean. Alemania eta Frantziaren arteko lidergo borroka ere gerta daiteke, bai behintzat egia balitz Hollande hazkundea dela eta Merkel austeritatea.

2012ko maiatzaren 07a
Hollande eta Merkel.

Bizi den krisi latz honetan ez da zentzuzkoena aurreikuspen tinkorik egitea, baina orain arte Grezian, Portugalen, Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan sozialdemokraziak nola jokatu duen ikusita, ez dago baikortasunerako tarte handirik.

Baina, bestetik, esperantza izpi bat duten Europako herritar guztiek entzun dituzte hark kanpainan iragarritakoak. EBrekiko bi lerro nagusi finkatu ditu Hollandek. Batetik, Europako Itun Fiskala dago, EBko estatuen aldetik onarpen bidean doana eta, teorian, bost urte barru indarrean sartuko litzatekeena, baina praktikan jarduera ekonomiko gisa EB osoan gauzatzen ari dena, estatuak itoz eta atzeraldiak eraginez.

Bestetik, finantza eredua dago, Hollande oso kritiko agertu da finantza merkatuekin eta erreformak bultzatuko dituela iragarri du. Besteak beste, ekonomien hazkundea bultzatzeko neurri gisa, Europako Banku Zentralak (EBZ) dirua estatuei zuzenean mailegatzea nahi du, interes txiki batekin eta ez, gaur egun bezala, bankuen bidez. Gaitza da halakorik azkar gauzatzea, baina agian posibleago da EBZk estatuak eurobonuekin serioago laguntzea, eta hori askoz samurragoa litzateke. Edo hainbat finantza inbertsio zergapetzea, aspalditik eskatzen ari den moduan.

Hiru langa handi hauen gainetik egin beharko du jauzi Frantziako lehendakari berriak. Bata, Merkel bera da, baina hau ere ez dago etxafuegoetarako: Hollande ez da Sarkozy izango; EBn gero eta isolatuago dago; eta, batez ere, bere koalizio gobernua indarra galtzen ari dela adierazi dute Alemaniako hainbat inkesta eta hauteskundek. Bigarren langa merkatuena da, eta hauek laster mintzatuko dira. Eta hirugarrena, barne mailakoa da, Frantzian bertan ezarri nahi duen aire berria indarrean jartzeko ezkerrak Legebiltzarrerako ekaineko hauteskundeak irabazi behar ditu eta.

Gaitza da irudikatzea Hollande horri guztiari aurre egiten, besteak beste merkatuei aurre egitea esan nahi duelako, eta hori gaur gaurkoz hil ala biziko borroka delako. Errazagoa da pentsatzea, Alemaniak amore emanda, hazkundeari begira hainbat neurri hartuko direla, hori bai, funtsean Europaren Egonkortasunerako Ituna zalantzan jarri barik. Baina batek daki, Greziako hauteskundeetako emaitzek erakusten duten moduan, Europan txinpartak dantzan dira eta ezin da esan zein zelai erreko den edo zein ez. Gaitza da, baina bere jarrerak esperantza izpi bat piztu du Europa osoan, hori ere egia da.