argia.eus
INPRIMATU
Espekulazioaren kontrako elkarretaratzea eginen dute larunbatean Maulen
  • XEKK Xiberuko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak deiturik 11:00tan eginen dute elkarretaratzea Mauleko plazan. Etxe agentziek bideratu espekulazioa salatzeko ekimena izanen da.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 12a

Ekainaren 11n jadanik salatu zuten etxebizitzaren arloan pribatuek bideratu espekulazioa. Konkretuki, Mitikile-Larrori-Mendibilen 2019an 240.000 eurotan erositako etxea bi urte geroago –obrik egin gabe, hots espekulatuz– 367.500 eurotan saldu izana salatu zuten. Aldi honetan etxe agentziek burutu espekulazioa dute jomugan jarriko. Hitzordua jarri dute bihar, abuztuaren 12an, goizeko 11:00tan Mauleko plazan.

"Erakusleihoak dituzten bost higiezin-agentzia daude, baina lokalik gabeko beste bi edo hiru ere daude. Ez dugu inor ahaztuko, mundu guztiarena aipatuko dugu", dio XEKK Xiberuko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboko kide ere den Dorothée Nabarra Lakarriko auzapezak, Mediabask komunikabidean.

Martxoan Lakarrin zuten elkarretaratzea burutu, hor ere duela hamabi urte 8.000 eurotan erositako borda bat 341.000 eurotan saltzekoa zelako. Lapurdin aspaldian pairaturiko espekulazioa Zuberoan ere arazo dute.