Senpereko Olha etxearekin espekulatzea eta lurraren erabilera pribatizatzea salatu dituzte, besteak beste. Donibane Lohizuneko geltoki pareko errepidea eta Baionako A63 autobidera ematen duen biribilgunea moztu dituzte. Ostia sarea, ELB, Lurzaindia eta Senperetarren Kolektiboak izan dira ekintza deitu dutenak.
Senpereko Olha etxearen espekulazioa salatzeko deialdia egina zuten goizeko 10:00etan hainbat kolektibok. Traktoreen laguntzaz Donibane Lohizuneko geltoki pareako errepidea, Baionako Sutar biribilgunea eta A63 autobidera ematen duen biribilgunea moztu dituzte.
Ostia Sarea, Euskal Laborarien Sindikatua (ELB), Lurzaindia eta Senperetarren kolektiboa izan dira mobilizatzera dei egin dutenak. "Egiazko laborantza herrikoia" eta "Senpere ez da salgai" izan dira erabili dituzten leloak, besteak beste. Poliziak dispositibo handia zabaldu du; helikopteroa eta kamioi asko gerturatu eta manifestariak oztopatu ditu, elkarteok salatu dutenez.
Kontzientzia hartzea
"Olharen historia buka ezina den kronika baten atal berria dugu", azaldu dute. "Laborantxako lurren saltze eta desagertzea, horien artifizializazioa, espekulazioak biderkatzen dira Euskal Herrian; mobilizazioak eta erresistentzia izanagatik ere, gure ondare parte bat gehienik eskaintzen duenari utzia zaio , gazteei eta beste biztanleei eskuragarri zaien etxebizitzak eta lurrak kenduz".
"Saltzaileak eta erosleak, biek, herritarren protestari, laborarien abisuari, baita klase politiko parte baten deiari uko egin diote", gaineratu dute. "Beren zuzengabeko tratua ezin jasana izaiteaz gain, beren egoismoak eta temak ondorioa latzak ditu, eta gogoa piztuko zaie batzuei! Ahalgeingarriak zirezte bai D’Elbée saltzailea, bai Telleria eroslea! Lotsagabeak zuek! Ezin izan badugu saltze hori ezeztatu, seguraz ere gure presioa ez delakotz aski azkarra izan, ez aski jendetsua, baina Donibane Lohitzuneko herriko etxearen konplexitateak ez du lagundu, ez eta ere bi aktoreak tokikoak direlakotz. Eta zer erran tokiko hautetsien eta politikeroen inplikazio eskasaz, Herriko mera erdiek petizioa izenpetu badute ere. Alta beren ardura da herritarren ordezkari gisa , gisa horretako operazioen kontra altxatzea!".
Salmenta eragozterik lortu ez duten arren, nabarmendu dute, "esperientzia honen ondotik, borroka hori eta aitzinekoak eramanik, batzuei gosea piztu bazaie, beharko dutela jakin parean herritar engaiatuak, kexu diren laborariak, borrokarako prest diren kolektiboak aurkituko dituztela". Ekintza horrek mobilizazioa ekarri duela diote, "kontzientzia hartze bat" sortu duela. "Okupazio batean sekulan parte hartu ez zuten gazte eta jende batzuk ikusi ditugu altxatzen eta borrokatzen suntsitzaile izendatu behar ditugun saltzaile eta erosle horien arteko transakzioen kontra. Olhako salmenta egina da, gure okupazioa horretan gelditzen da... baina lurraren zaintzeko borroka segitzen da".
Senpereko Olha etxea
Etxearen jabeak 1.300.000 eurotan jarri zuen salgai 50 hektarea dituen etxaldea; horietako asko zuhaiztiak. Safer erakundeak 700.000 euroko balioa ezarri zion baina jabeak uko egin zion prezio horri. Gaur egun, makarroiak ekoizten dituen Donibane Lohizuneko Adam familiarena da etxea. Espekulazioaren berri jakin orduko egin dituzte ekintzak lurraren eta etxebizitzaren aldeko militanteek. Maiatzean salatu zuten lehen aldiz kasua, eta ekainean etxea okupatu zuten. Dena dela, ezin izan dute espekulazioa oztopatu, abuztuaren 2an notarioak salmentaren berri eman baitzien kolektiboei.
Azpian gaurko irudi batzuk: