Salerosketaz arduratu den Urruñako notarioak asteazkenean eman die salmentaren informazioa espekulazioaren aurka etxaldea okupatuta zuten eragileei.
Ekainaren 27an abiatu zuten ELB laborarien sindikatuak, Lurzaindia elkarteak, Ostia sareak eta espekulazioa salatzeko sortu duten kolektiboko kideek Senpereko Olha etxaldeko okupazioa. Asteazkenean Alexis Inchauspe notarioaren bulegora joan dira, eta bertan jakin dute 1,3 milioi euroren truke saldu dutela etxaldea.
Laborantza lurrak galtzeko arriskua izan da okupazioa egitera bultzatu duen kezka nagusia, baita lurraren espekulazioa ere. Azken hilabetetan hitz egiteko saiakerak porrot egin ondoren hasi ziren okupazio operazioarekin. Salmenta ondoren, okupazioaren segidarekin zer egin beharko duten ikusi beharko dute, baina momentuz etxean jarraitzeko asmoa adierazi dute.