Senpereko Olha etxea saldu dute, baina espekulazioaren aurkako borrokak jarraitzen du herri hartan. Asteartean Donibane Lohizuneko Maison Adam denda blokeatu dute, bere jabeek erosi dutelako etxea 1,3 milioi eurotan. Hogeita hamar lagun inguruk hartu dute parte ekintzan.
ELB laborarien sindikatuak, Lurzaindia elkarteak, Ostia sareak eta senpertarrek espekulazioa salatzeko sortu duten kolektiboko kideek ekainaren 27an Olha etxea okupatu zuten. Abuztuaren 2an jakin zuten etxea saldu egin zutela, 1,3 milioitan, eta notaritzaren aurrean protesta egin zuten egun berean.
Erosleak Donibane Lohizuneko Maison Adam denda darama, eta asteartean saltoki hori okupatu eta hiru sarrerak blokeatu dituzte, espekulazioaren aurkako protestan. Ekintza hau “salmenta salatzeko” eta “lurraren defentsan” egin dutela adierazi dute. “Edozein izan daiteke espekulazioaren biktima”, salatu dute.
Jean-Francois Irigoien auzapeza gerturatu da saltokira, eta Olharen gatazkaren berri duela adierazi du, baina ez du protestan lagundu. Polizia ere bertan izan da.
Auzokide eta bezero batzuek mobilizazioa bukatzeko eskatu diete, baina dendaren jabeek, dirudienez, ez. “Herritar asko gurekin ados da baina beste batzuk haserretu egin dira; beren erosteko askatasuna aldarrikatu dute”, adierazi du ekintzaile batek.