argia.eus
INPRIMATU
Espekulazioaren aurka elkartuko dira larunbatean, Ipar Euskal Herriko bederatzi lekutan
  • Uztailaren 15erako jarri ditu hitzorduak Ostia herritar kolektiboak. Egoera salatzeaz gain, hautetsiak interpelatzeko ekimena izanen da. Bizkitartean, Senpereko okupazioa aitzina doa, hamazazpi egun igarota.

     

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko uztailaren 12a
Senpereko etxea okupatzen hasi ziren ekainaren 27an, ondasun hori 1,3 milioi eurotan erosgai delako. Argazkia: Ostia

Arbonan sortu zuten Ostia kolektiboa 2021ean, laborantza lurren gaineko espekulazioa salatzeko egindako okupazioan. Orduz geroztik, lurraren zein etxebizitzaren gaineko espekulazioa salatzeko hainbat herri protesta burutu dira Ipar Euskal Herrian barna. Dinamika horiek batzeko eguna izanen dute uztailaren 15a. Hain zuzen, bederatzi herritan finkaturik ditu elkarretaratzeak Ostiak: Ahetzen (Larre Luzea, 11:00); Arberoa eskualderako Donoztirin (09:00); Donamartirin (09:30); Izturitzen (10:00); Aiherran (10:30); Miarritzen (Agilerra 10:30); Kanbon (Marienia 11:00); Saran (San Iñazioko lepoa, 09:00) eta Maulen (Gurutze xurian 11:00).

"Lurraren artifizializazioa errefusatzeko eta bere hazkurri funtzioa defenditzeko" hitzorduak izanen dira. Horrekin batera, etxebizitzak klase herrikoiarentzat izan behar direla aldarrikatuko du kolektiboak, bigarren etxebizitzen aurkako mezua zabalduz.

Arazoari aurre egiteko neurriak galdatzen dizkiete herriko etxeei zein Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiei: "Lurra eta etxebizitza merkatu legeetatik babesteko eskutan dituzten edo sor ditzaketen tresna guziak balia ditzatela".

Senperen okupazioa aitzina

Aitzina doa ekainaren 27an Senperen abiaturiko okupazioa. Lurzaindia fundazioak, ELB sindikatuak, Ostia kolektiboak eta senpertar talde batek abiaturiko okupazioarekin, etxebizitza eta laborantza lurren salmenta espekulatiboa geldiaraztea dute xede. Oraingoz, egoerak blokeaturik segitzen du eta erosleak –Donibane Lohizuneko Adam makarroi enpresa ospetsuaren jabea– ez du prezioa apaltzeko nahia erakutsi.

1,3 milioi eurotan salgai dira egoera txarrean den etxe bat, zazpi hektareako laborantza lurra, bi hektareako urmael bat eta oihan eremu zabal bat. Orduz geroztik, jendea dago bertan, gau eta egun, eta aterabide bat adostu arte bertan egoteko determinazioarekin segitzen dute. "Hasieratik laborariak eta laborari ez direnak batzen gara, interesgarria da", dio Martin Lemaire Lurzaindiako laborariak. Egunero ari dira asanbladetan biltzen, borrokari eman beharreko segidaz erabakitzeko.