argia.eus
INPRIMATU
Espekulazioa eta errepresioaren aurkako borrokak lotuko dituzte Baionako manifestazioan
  • Euskal Herriko biztanleriak etxebizitza duin bat izateko dituen oztopoak salatu dituzte bai Aitzinak baita Lurra eta Etxebizitza kolektiboak ere. Lurraren eta higiezinen inguruan dagoen espekulazioak zuzenean gazteriaren aurka egiten duela diote, kostaldeko hiriguneetatik kanporatuz eta Euskal Herrian bizitzea zailduz.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 01
Aitzinako kideek prentsaurreko bidez egin zuten manifestaziorako deialdia (Arg.: Aitzina).

Egoera horren eta hari lotutako errepresioaren aurka protestatzeko manifestaziora deitu dute ekainaren 4an, Baionako San Andres plazan, arratsaldeko 17:00etan.

Espekulazioa ez ezik, gaitzetsi dute haren aurka Frantziako Estatuak darabilen errepresioa. Adibide gisa Teo Salomonen kasua jarri dute. 2013an atxilotu zuten Salomon Donibane Lohitzunen, higiezinen espekulazioaren eta bigarren etxebizitzen aurkako ekimen batean. Geroztik beste bitan atxilotua izan da. Ez da gai honekin lotutako kasu bakarra.

Gauzak horrela, euskal gazteria kriminalizatzea egozten die Parisi, “arazoa konpondu beharrean ofentsibarekin jarraitzen duelako eta gatazkari soluziorik jarri ez eta haren izaera politikoa ukatzen duelako”.