argia.eus
INPRIMATU
Espejo Valero jeneralaren fitxaketa bertan behera utzi du Madrilgo erkidegoak, Zabalza auzian inplikaturik egon zela zabaldu denean
  • Isabel Diaz Ayusoren gobernuak Arturo Espejo Valero jeneral jubilatua Zibersegurtasun Agentziako buru izendatu zuen herenegun, eta hala jakinarazi zuen prentsa ohar baten bitartez.

Euskalerria irratia @fm983irratia Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko otsailaren 16a
Mikel Zabalzari egindako omenaldia, haren hilketaren 37. urteurrenean. (Argazkia: Lohizune Amatria)

Haatik, ordu gutxiren buruan Ayusoren gobernuak izendapen hori bertan behera utzi zuen, prentsak Espejo Valero Mikel Zabalzaren auzian inplikaturik egon zela zabaldu eta gero.

1985eko azaroaren 28an, Guardia Zibilak atxiloturiko Mikel Zabalza gazte orbaiztarraren gorpua Bidasoa Ibaian aurkitu zutelarik, Espejo Valero haren zaintzaz arduraturiko agenteetako bat zen. Bertsio ofizialaren arabera, Zabalza ihes eginda ito zen. Itxura guztien arabera, torturaturik hil zuten.

Ordutik, Espejo Valerok ibilbide luzea egin du institutu armatuan, inolako zigorrik pairatu gabe, berriki jeneral karguarekin erretiroa hartu arte. Azken maila-igoera duela urtebete eskas lortu zuen, Grande Marlaska ministroaren eskutik. Marlaskak maila igoera justifikatzeko tenorean Espejo Valero inoiz ez dela auzipetua izan argudiatu zuen.

PPk eta Voxek gobernaturiko erkidego batean, aldiz, Zabalza kasuan inplikaturik egon zela jakitea aski izan da kargurik gabe uzteko.