Igande honetan, bi aste igaroko dira Gipuzkoa Zutik! ekimen herritarrak Gipuzkoa plaza hartu eta aldarrikapenak aireratzeari ekin zionetik. Ordutik, kolore guztietako poliziek plazak okupatu eta pentsamendu anitzeko pertsonez eta politikaz (polisari dagokionaz, publikoa denaz) beteriko kaleak husteko saiakera desberdinak egin dituzte. Hainbat aldiz indarrez oldartu dira desobedientzia pasiboaz erantzuten ari ziren herritarren aurka, eta baita bost lagun atxilotu eta zortzi bat identifikatu ere.
Egun nagusi den Zuzenbidearen ikuspuntutik, poliziaren esku hartzeak eta alkatearen hitzetan gorpuzten den administrazioaren jarrerak zuzenak direla eman dezakete: Ez duzue baimenik eskatu, hortaz, kalera (barka, etxera). Egun nagusi den Zuzenbidearen ikuspuntutik diogu, hau da, lege-kolpeka inposatu zaigun eta jada ohituraren indarrez normalizatu dugun Zuzenbidearen ikuspuntu horretatik.
Ohikoa denez, printzipio loriatsuetan oinarritutako Zuzenbide teorikoak ez baitu zerikusi handirik kaleetan aplikatzen diguten (etsaiaren) Zuzenbide praktikoarekin. Ez baitago sobera gogoratzea nazioarteko zuzenbidearen oinarriek, herritarrek espazio publikoa erabiltzeko eskubidea dugula diotela. Aste honetan Eneko Goiak Berrian eginiko elkarrizketan salatzen zuen “okupazio horretan ez dela egon inolako eskabiderik, ezta komunikaziorik ere”. Dirudienez, Donostiako Alkatea ez da ohartzen plaza publikoak erabiltzeko ez dela administrazioaren baimenik behar. Espainiako konstituzioak berak dio 21. artikuluan: Se reconoce el derecho de reunión pacífica y sin armas. El ejercicio de este derecho no necesitará autorización previa. Ez dago sobera gogoratzea 95ean Corcuera Legea indarrean sartu arte kale adierazpenak eta mobilizazioak ez zirela komunikatzen. Eta, hain zuzen ere, nazioartean araututako oinarrizko eskubide bat eta Konstituzioa bera urratzea litzatekeelako, teknikoki ordutik egiten duguna ez dela udaletxeari edo poliziari "baimena” eskatzea, baizik eta “jakinaraztea”. Ordea, teorikoki jakinarazpena hutsa dena praktikan agintaritzari zuzentzen zaion menpekoon baimen eskaera bihurtu zen hasieratik. Eta horrela daramazkigu hamarkadak, gure eskubideak praktikatzeko baimenak administrazioak noiz onartuko noiz ez onartuko.
Edonola ere, kontua sinpleagoa da. Herritar batzuk, bizi diren herriko plaza batean ematen dute eguna, eta gaua. Esparru publikora esparru publikoari dagozkion hainbat eta hainbat gai eramanez. Inori kalterik egin gabe. Are gehiago, inguruko herritarrenganako tratua bereziki zainduta (atariz atari informazioa banatuz, esaterako). Zein da arazoa? Arazoa ikusten dutenek erantzun dezatela. Bide batez, eskertuko genuke ere bigarren kezka baten inguruan erantzunen bat ematea: Noraino heltzeko asmoa dute Donostiako udal arduradunek udaltzaingoaren militarizazioan? Alkateak onartzen al ditu Ibabe zinegotziaren eskutik zenbait udaltzain zehatz eta ezagunek herritarren aurka erabili duten indarkeria eta izan duten jarrera harro eta mespretxatzailea? Herritar orok ikusi du Udaltzaingoa, enkaputxatuta, inolako beharrik gabe gazteak kolpatzen eta hauen materiala puskatzen eta FCCko kamiora botatzen. Ertzaintzari dagokionez, zaharrak berri.
Atzo bertan, PP salbu Gipuzkoako Batzar Nagusietako gainontzeko alderdi politiko guztiek bat egin zuten Mozal Legearen aurkako mozio batean. “Oinarrizko eskubideak urratzen dituen” eta “adierazpen askatasuna delitu bilakatu” nahi duen legea dela iritzita, Gipuzkoan ez aplikatzeko konpromisoa hartu dute. Pozteko moduko berria, zinez. Ordea, Mozal legea momentuz behintzat ez, baina, ez al dira ari Gipuzkoako eta Donostiako arduradun politikoak non eta Batzar Nagusien pareko Gipuzkoa Plazan edota Bulebarrean, Mozal Legearen logika bera aplikatzen ari? Ez al dira ari “oinarrizko eskubideak urratzen” eta “adierazpen askatasuna delitu” bilakatzen? Zintzoki, baietz uste dugu.
Eleak/Libre dinamikatik, askotan azpimarratu dugu guztionak diren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsa guztion artean egitearen garrantzia. Baina hainbatetan esan dugu ere, eskubideok berreskuratuko baditugu, hauen errespetua eskatzea baino are eraginkorragoa dela nork bere borroka eta ekimenetan eskubide horiek normaltasun osoz erabiltzea. Udal Ordenantzak, poliziek, Mozal Legeak edo unean uneko aginteak onartuta izan ala ez. Zentzu horretan, Gipuzkoa Zutik! ekimenak egiten ari den espazio publikoaren erabilera babestu besterik ezin dugu egin eta, nola ez, baita Ipar Euskal Herrian garatzen ari den borroka ere, Ipar Euskal Herrira bezalaxe, Hego Euskal Herrira ere iritsi baita oraingoan Nuit Debout mugimenduaren oihartzun zabala, mugaren alde bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere. Espazio publikoa merkantilizazioari zabaldu eta herritarroi ixten zaigun garaiotan, plaza batean elkartze hutsa esanahiez beteriko keinua delako. Zeresanik ez, plaza hori herritarroi lapurtzen zaizkigun eztabaidak plazaratzeko erabiltzea. Ez daitezela etxera joan. Ez zaitezte etxera joan. Ez gaitezen etxera joan.
Asier Coloma eta Garazi Rodriguez
Donostiako Eleak/Libre dinamika