argia.eus
INPRIMATU
Espainolizazio berantiarra

Asier Fernández de Truchuelo 2024ko ekainaren 27a

Valeria Vitellak, orain dela 2000 urte Larrahe euskal jainkosari aldare-harri bat eskaini zionak, burua altxatuko balu eta Alberto Santanarekin aurrez aurre topatuko balitz, zer esango lioke? Ziur aski honelako zerbait: "Zeri buruz ari haiz?"

Lehenik eta behin kokatu gaitezen. Historiagile izatez, kontu kontalaria hobe, jada zientzia komunitateak baztertutako euskalduntze edota baskonizazio berantiarraren hipotesia berpiztu zuen. Zehaztasun historiko berarekin (bakar bat ere ez) tubalismoaren teoria ontzat har zezakeen, edota, Genesiaren arabera, baieztatu izana, Euskal Autonomia Erkidegoa, hirugarren egunean sortu zela. Ene bada! Horrela doakigu.

Izenekin berdin gabiltza, nahaste-borraste batean: aspaldi honetan Euskadi ezizena erabiltzen da autonomia erkidegoa (soilik Espainiako hiru probintziek osatzen dutena) izendatzeko. Dena den, askoz larriagoa eta onartezina iruditzen zait Espainiako autonomia bati Euzkadi edota Euskal Herria deitzea.

Burutazio propioa da, edota Euskal Telebista eta men egiten dion gobernua azpijokoan dabiltza, Troiako zaldi baten erara, Euskal Herriaren hondamendia eta euskaldunon espainolizazioaren alde?

Herritarrekin gauza bera gertatu da, sorginkeria bat egin izan balute bezala eta tik tak batean munduko "vasco", "euskotar" edota are larriago euskaldun bakarrak EAEko biztanleak dira, nahiz eta euskarazko hitz bakar bat ez jakin eta Euskal Herriarekin inongo loturarik ez izan.

Harrigarria dirudien arren, funtsik gabeko eraso horiek ez datoz Espainiatik, EITBren eskutik baizik. Hain zuzen, “Euskadiko” biztanleriaren artean ordaintzen dugun telebistaren aldetik.

Zoratzekoa benetan! Burutazio propioa da, edota Euskal Telebista eta men egiten dion gobernua azpijokoan dabiltza, Troiako zaldi baten erara, Euskal Herriaren hondamendia eta euskaldunon espainolizazioaren alde?

Espero dugu gaupasa baten ostean eta erdi jolasean baragarri batek botatako txantxa txar bat besterik ez izatea.

Eskerrak zeru gaineko jaun ahaldunari! Aspaldi honetan ugaritu diren aurkikuntza arkeologikoak direla medio hipotesi horiek guztiak, auskalo noren zerbitzura egindakoak, gaindituz joan dira.

Hala izan bedi!