Espainiak ez du Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna betetzen: hori da joan den astean Europako Batzordeko ministroen komiteak onartutako jarraipen txostenaren ondorioa, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak jaso ditu Baztarrikaren adierazpenak. Bere esanetan, Espainiako Estatuari hainbat gomendio egin dizkio txostenak, hain zuzen, aurretik egindako ebaluazio guztietan –2005ean, 2008an eta 2012an landu ditu antzerako jarraipen txostenak– ere irakur zitezkeen eskariak.
Dokumentuak lege-neurriak hartzeko gomendatzen dio Espainiako Estatuari “puntu beltz” batzuetan euskara ere zerbitzu hizkuntza izan dadin –Justiziaren esparruan, adibidez; izan ere, EAEko epaileen %10 baino ez da euskalduna–.
Gainera, aldaketa legalik gabe aplika daitezkeen neurriak ere proposatu ditu Europak, Espainiako Estatuaren hizkuntza aniztasuna hedabideetan eta hezkuntzan kontuan hartzea adibidez; baita estatuko administrazioetan koofizialak diren hizkuntzen presentzia ziurtatzea ere.
Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika defendatzeko probestu du txostenaren balorazioa Baztarrikak, esanez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernuak Europaren balorazioa “nota onarekin” pasa duela. “Kartako konpromiso gehienak betetzen dira”.
Kontseilua eta Behatokia: “Estatuak ez du interesik konpromisoak betetzeko”
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak astelehenean gogoratu zuen Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna 2001eko abuztuaren 1ean jarri zela indarrean. Harrituta agertu zen Europaren gomendioak ikusita, hamabost urte eta lau ebaluazio igaro ondoren ez baitira gehiegi aldatu. “Horrek aski garbi uzten du Estatuak ez duela interesik orduan hartutako konpromisoak betetzeko”.
Berarekin batera agertu zen Garbiñe Petriati Ijurra, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria. Bere esanetan, azpimarratzekoa da Europak Espainiari legea aldatzeko eskatu izana, “behin eta berriro eman den gomendio berezitua baita”.
Kontseiluak eta Behatokiak kontu zehatzagoetan ere arreta jarri dute, hala nola, komunikabideen arloan Nafarroako Gobernuak Hizkuntza Gutxituen Ituna ez betetzea.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, justizian, segurtasun indarretan, osasungintzan eta gizarte gaietan langile kopuru euskaldun eskasak sortzen dituen arazoak nabarmendu dituzte, Baztarrikak egindakoaren aldean hain baikorra ez den balorazioan. “Administrazio publikoan lan egingo duten pertsonek euskaraz ez jakiteak kaltea dakarkio hizkuntza-eskubideen bermeari”, Petriatiren esanetan.