argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Espainiari buruz

Uxue Apaolaza Larrea 2023ko uztailaren 23a

Zein zen beldurra? Zerk elkartu gaitu, urduri, zu eta ni telefonoaren alde banatan? Zu Madrilen eta ni hemen? Oso oinarrizko eskubideak ziren. Eta dena amaitu denean, gutxienez, ez da guztiz gertatu. Zazpietan hasi dugu elkarrizketa, telebistekin batera, baina, lehenago, Twitterren, joera batek eman dit arreta: “Gracias Irene”.

Oso goiz ikusi dugu telebistan Sumarren egoitzako euforia. Eta kanpaina osoan gertatu zaigun moduan, inkietantea iruditu zaigu keinua, beraiek bakarrik ikusten duten testuingururen batekoa. Zer irabazi dute? Batzuek eman behar izan diozue botoa Sumar delirante honi, besterik ezean. Horretan nik abantaila nuen.

Hauteskundeak maiatzean hasi ziren. PSOEk galdu egin zuen. Eta ez genuen pentsatuko ia era desesperatuan hartutako erabaki hark, hauteskundeak aurreratzea, halako emaitzak emango zizkionik Pedro Sánchezi. Gauza asko ikusteko denbora eman du, ultraeskuina atzean gerarazi dutenak. Baina ezkerrean ere gertatuarazi zituen gauzak, hauteskundeak aurreratuta.

Pedro Sánchezek molestatzen zion guztia kendu du gainetik. Orain ez dago Podemos, ez dago Irene Montero. Orain, Espainiako telebista publikoko azken eztabaidan Trans Legea, “Soilik bai da bai” legea ultraeskuinaren erasoetatik defendatu ez zituen Yolanda Díaz bat dago, Sánchezi Pedro esaten diona. Eta Pedro Sánchezen lagunei, berak esanda dakigu, ez zaie gustatzen konfrontatzen duen feminismoa, nahiago dute feminismo integratzaileago bat.

Nire abantaila zure abantaila egiazkoena bilakatu da, EHBildu atera delako Madrilen entzun nahi zenuena esatera. Hainbat pertsona botatzera eraman dituen eskubideak ondoen defendatu dituen ministro feminista lurperatu du Sánchezek. Gehien molestatzen ziona. Hori ere lortu du. Beldurrak ez dira guztiz gertatu, beraz; baina ez diegu irabazi.