argia.eus
INPRIMATU
Espainiara ihes egin du Venezuelako oposizioko buru Gonzálezek, eta gobernuak asiloa emango dio
  • Igandean heldu da Edmundo González Urrutia Madrilera, Espainiako Armadako hegazkin batean. Venezuelako Gobernuak adierazi du gertatua “bi gobernuen arteko akordioaren” ondorioa dela. Espainiako Gobernuak azpimarratu du Gonzálezek egin duela asilo eskaera eta ez dela egon “negoziazio politikorik” Venezuelarekin.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko irailaren 09a
Argazkia: EFE

Madril ondoko Torrejón de Ardoz aireportu militarrean hartu du lurra González Urrutiak, igande arratsaldean. Uztailaren 28ko hauteskundeetan oposizioaren presidentegai izan zen González, eta uztailaren 30etik zegoen ezkutuan. Atzo jakin zenez, Gonzálezek asteak eman ditu Herbehereetako enbaxadan, eta irailaren 5ean Espainiako enbaxadorearen egoitzan hartu zuen aterpe.

Kontakizunaren bataila

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Gonzálezek asiloa eskatuko duela Espainiako Estatuan, eta gobernuak eskaera onartuko duela. José Manuel Albares Atzerri ministroak azpimarratu du ez dela “negoziazio politikorik” izan bi gobernuen artean, eta ez dela “ordainik” izango. Adierazpen horiei erantzunez, Delcy Rodríguez Venezuelako presidenteordeak Telegram bidez ziurtatu du Gonzálezen irteera “elkarrizketa zabalen” eta “bi gobernuen arteko akordioaren” ondorioa dela. Argitaratu denaren arabera Venezuelako Gobernuaren baimenarekin irten da González herrialdetik, eta Espainiara eraman duen hegazkin militarra Caracasen baimenarekin lurreratu zen Venezuelan.

Ameriketako eskuineko hainbat gobernuk Gonzálezen “erbesteratze behartua” salatu dute, eta berdin egin dute AEE Amerikako Estatuen Erakundeak edo Josep Borrell Europar Batasuneko diplomaziaburuak ere. Espainiako oposizioko alderdi nagusiak Pedro Sánchezen gobernua kritikatu du, esanez Gonzálezi asiloa ematea ez dela “demokraziari mesede egitea”, baizik eta Madurori “arazo bat kentzea”.

Oposizioa ahulduta?

Uztailaren 28an burutu ziren Venezuelako presidentetzarako hauteskundeak. Emaitza ofizialek Nicolas Madurori eman zioten garaipena, baina Chavismoa gobernuan dagoenetik ohikoa bilakatu den moduan oposizioak iruzurra salatu eta González izendatu zuen presidente. Gerora, Venezuelako Epaitegi Gorenak emaitza ofizialak zuzenak zirela ebatzi zuen, baina oposizioak ez du ebazpena onartu.

González ezkutuan egon da uztailaren 30etik atzo arte. Tartean, epaitegiek hiru aldiz zitatu zuten hauteskunde-akta batzuen argitaratzearekin lotuta, González ez zen aurkeztu eta irailaren 2an bera atxilotzeko agindua eman zuten. Hauteskunde osteko egunetan mobilizazio handiak eta eraikin publikoen aurkako eraso ugari egin zituen oposizioak, baina denborak aurrera egin ahala indarra galtzen joan da. Orain, ematen du Venezuelako oposizioa egoera are ahulagoan geratu dela barne mailan –nazioartean babes handiak ditu oraindik ere– , oposizioak berak presidente izendatutako hautagaiak herrialdetik ihes egin ostean.