argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza gutxituek Espainiako Estatuan jasandako erasoak salatu dituzte NBEn
  • Aragoitar, asturiar, katalan, galego eta euskal hiztunek jasaten dituzten eskubide urraketak salatu ditu Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareak (ELEN).

Nerea Ibarzabal Salegi 2015eko urtarrilaren 21
ELEN: "Hizkuntza gutxituen hiztunen giza eskubideak urratzen dituzte legeek, funtzionarioek eta botere publikoek". (Arg: Prest!)

El Confidencial Autonómicok jaso duenez, Nazio Batuen Erakundean (NBE) aurkeztuko dute txostena ostegunean, 2007 eta 2013 bitartean jasotako salaketetan oinarrituta.

ELENen txostenaren arabera, hizkuntza gutxituen hiztunen “giza eskubideak urratzen dituzte legeek, funtzionarioek eta botere publikoek”. Diskriminazioa “sistematikoki” bultzatzen dutela salatu dute, eta joera hori “instituzionalizatu” egin dela dagoeneko.

Nafarroako euskal hiztunak, kaltetuenak Hego Euskal Herrian

Nafarroako euskal hiztunek bizi diren eremuaren araberako hizkuntza eskubideak dituzte, eta hau “Europako kasu bakarra da”, ELENen txostenaren arabera.

Hezkuntzan haurren eskubide urraketa nabarmena salatu dute. “Ehunka umek urtean milaka kilometro egin behar dituzte euskarazko hezkuntza jaso ahal izateko, beraien eremuetan legeak ez duelako onartzen”.

Guardia Zibilak 1.652 euskal irakasle ikertu izana ere gaitzetsi du ELENek idatzian, euskara terrorismoarekin lotzeko etengabeko ahalegina “guztiz onartezina” delako demokrazia batean.

Gipuzkoan eta Bizkaian ematen diren urraketak ere kontuan hartu dituzte, administrazioan eta osasun sistema publikoan dauden hutsuneak kasu.