argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatua zigortu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 33 epaileren intimitate-eskubidea urratzeagatik
  • Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestua sinatu zuten herrialde hartako 33 epailek 2014an. Ondoren, bakarrik Espainiako Poliziak izan zitzakeen epaileen NAN txartelen argazkiak argitaratu zituen La Razón egunkariak. Estatuko bideak agortuta, epaileek Estrasburgora eraman zuten salaketa eta Giza eskubideen Europako Auzitegiak orain eman du epaia.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 29a
Giza eskubideen Europako Auzitegia. Argazkia: Wikimedia Commons.

Kataluniako 33 epaile horiek 2014an sinatu zuten manifestua erabakitzeko eskubidearen alde, Artur Mas presidenteak zuzentzen zuen gobernuak Kataluniaren etorkizunaz antolatutako lehen kontsultaren testuinguruan. La Razón egunkariak haien argazkiak eta hainbat datu argitaratu zituen erreportaje zabal batean.

Euren intimitatea urratua izan zela salatuz, kaltetutako epaileek salaketa jarri zuten Bartzelonako 22. Instrukzio Epaitegian, baina honek Madrilgo 15. Lurralde Auzitegiaren esku utzi zuen eta hango instrukzio epaileak salaketa artxibatu zuen 2016an, "gertaera deliktiboen egileak" ezin zituela identifikatu argudiatuz.

Ondoren, 20 epaileek Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman zuten salaketa. Orain eman du epaia auzitegiak eta Espainiako Estatua zigortzea erabaki du, epaileek arrazoi zutela adieraziz, Espainiako justiziak ez duelako behar beste ikertu epaileen salaketa.

El Paísek adierazi duenez, argazkiak poliziaren datu-basetik atera zituen La Razónek. Filtrazioa Eugenio Pino komisarioa zuzendari zegoenean —2012 eta 2016 artean— egin zen eta Pinok erregistroak ezabatzeko modua pentsatu zuen, argazkien filtrazioarekin lotu ez zitzaten.

Giza eskubideen Europako Auzitegiak erabaki du Espainiar Estatuak kalte-ordainak ordaindu beharko dizkiela salaketa jarri zuten 20 epaileei, 4.200 euro kalte moralengatik bakoitzari eta 3.993 euro gastu eta kostuengatik.

Sententzia PDF formatuan ingelesez irakurtzeko aukera dago hemen.