argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Udalaren eraikin bat erabiltzea galarazi diote Espainiako eskuin muturra jo-puntuan duen liburu baten egileari
  • Vox alderdia adibidetzat, espainiar eskuin muturra hizpide duen liburua aurkeztekoak ziren Bilboko La Bolsa eraikinean. Arduradunek udalaren jabetzakoa den eraikinean aurkezpena egitea galarazi dute ordea, argudiatuz “udalaren zentroak ez direla gai politiko, erlijioso edo sindikalak” lantzeko espazioak.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 11
(Argazkia: Ecuador Etxea)

Ongi Etorri Errefuxiatuak, Hitz & Hitz Fundazioa eta OMAL kolektiboek antolatuta, Miguel Urbán Unidas Podemoseko eurodiputatua Vox alderdi faxistaren agerpenari buruzko liburu bat aurkeztekoa zen Bilbon astelehen honetan. Aurkezpena ezin izan zen egin ordea: Bilboko Udalaren jabetzakoa da aurkezpena egitekoa zen La Bolsa eraikina eta ez die utzi, “udalaren zentroak ez direlako gai politiko, erlijioso edo sindikalak” lantzeko espazioak, ElDiario.es-ek jaso duenez.

Debekuak debeku, liburu aurkezpena Hika Ateneoan burutu zen azkenik. Antolatzaileek “udal erakunde batetik datorren zentsura” salatu dute eta liburuaren egileak berriz, gogora ekarri du leku berean beste lau ekitalditan parte hartu duela, denak ere politikarekin lotutakoak. “Urtarrilean antolatzaile berdinekin ekitaldi bat antolatu genuen Europako eskuin muturraz hitz egiteko. Ulertu dezakedan gauza bakarra da Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari beldurra eman diela; eta gauza hauei buruz hitz egiteak beldurra ematen dizunean, esan nahi du galdu duzula”, azaldu du aipatutako hedabidean Urbánek.

La emergencia de Vox. Apuntes para combatir a la extrema derecha española (Vox-en larrialdia. Espainiar eskuin muturrari aurre egiteko apunteak) liburuak Espainiako eskuin muturraren gorakadari buruz dihardu, Vox-en iritsieran arreta jarriz. Alderdi ultraeskuindarraren agerpena mundu osoan totalitarismorantz ematen ari den biraketarekin lotzen du, nahiz eta idazleak ez duen uste faxismora itzulera gertatzen ari denik; Urbánen aburuz, gertatzen ari dena da “Vox alderdiaz harago doan azaleratze autoritarioa”. Aurre egiteko gakoa, idazlearen aburuz, komunitatea eratzean datza.

“Antifaxismo klasikoak ez du balio, Vox sare sozialen bidez sartzen baita etxeetara, eta hori gauza berria da”, dio Urbánek. Azaldu duenez, liburuan hizpide duen alderdia ez da España 2000 alderdia edo Hogar Social Madrid taldea bezain “estigmatizagarria”, eta horrek jendea bereganatzen lagundu dio Vox-i. Beregatutako asko gazteak direla azpimarratu du idazleak: “Vox-ek gazteria lapurtu dio PPri”.

Liburuaren helburua, Urbánek adierazitakoaren arabera, ondokoa da: jendeak eztabaida eta azterketa egitea, eskuin muturra nola garaitu pentsatu eta “Es dira pasako” aldarria berriz ahotan hartzeko.