argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian
  • 2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.

Ainara Rodil Jaime 2024ko apirilaren 02a

Espainiako Hondakinen Legea 2022ko apirilean jarri zen indarrean. Honako hau zioen: "Erabilera bakarreko ontzien kontsumoa murrizteko, administrazio publikoek edateko uraren kontsumoa sustatuko dute beren bulegoetan". Eta, helburu berarekin, ostalariei ere agindua: "Ostalaritzaren eta jatetxeen sektoreko establezimenduetan, beti eskaini beharko zaie kontsumitzaileei, bezeroei edo haien zerbitzuen erabiltzaileei ontziratzen ez den ura doan eta modu osagarrian kontsumitzeko aukera".

Datuek diotenez, erabili eta botatzeko botilen kopurua murrizteko indarrean dagoen neurriarekin ere, ur mineraleko enpresak inoiz baino gehiago ari dira ontziratzen. 8.699 milioi litro horiek hamar urte lehenago ontziratzen zenaren ia bikoitza dira.

2022an, ontziratutako uraren 2.900 milioi litro inguru kontsumitu ziren Espainiako Estatuan, Nekazaritza Ministerioaren Espainiako Elikagai Kontsumoaren Txostenaren arabera. 2021ean baino pixka bat gutxiago zen (-%2,3), baina 2019an baino % 5,6 gehiago. Bolumen horrek 630 milioi euroko balioa izan zuen.

Hego Euskal Herrian, behera

El Diario agerkariak 2010etik 2022ra bitarteko datuak taula batean ekarri ditu, eta argigarriak dira emaitzak. Hamabi urteko epean, Espainiako Estatuan ia %26 egin du gora ontziratutako urak. Gehiena Balear irletan; ia %300. Atzetik Andaluzia, %77.

Aldiz, Kantauri isurialdean egin du gehien behera eboluzioak: Kantabrian %62 eta Asturiasen %59. Hego Euskal Herrian ere behera egin du, baina gutxiago. Nafarroan %35, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, %29.