argia.eus
INPRIMATU
Espainiako zenbait autonomia erkidegok COVID-19az larriki gaixorik daudenen bisitak baimendu dituzte
  • Zaharren etxeetan zein ospitaleetan larri dauden adineko pertsonei bisita egitea baimendu dute zenbait autonomia erkidegok, bakoitzak bere neurriak ezarriz. Heriotza duin baten aldeko elkarteak neurri horien alde egin du, pertsonak bakarrik hiltzea “ankertzat” joz.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 12a
Eskuak garbitzeko materiala zaharren egoitza batean. Argazkia: El Norte de Castilla.

Murtzia, Errioxa, Valentzia, Asturias edo Extremaduran baimendu dituzte bisitak, besteak beste. Izan ere, osasun sistemaren egoera larria izan bada ere, profesionalen asistentzia humanoa izan behar dela adierazi zuen pandemiaren hasieran Espainiako Bioetikako Komiteak.

Erkidego batzuk beste batzuk baino zorrotzagoak dira neurriei dagokienez, eta Murtzian pazientea ukitu badezakete ere, Extremaduran guztiz debekatuta dago. Madrilgo kasua anbiguoa da, izan ere, erkidegoak zahar etxeetan dauden gaixo larriak bisitatzeko protokoloa badu ere, osasun sailak ez du adierazi koronabirusaz gaixotutakoak ere hor sartzen diren.

Heriotza duin baten aldeko elkarteak (Derecho a Morir Dignamente, DMD gaztelaniaz) protokolo bat ezartzeak duen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, protokolorik ez dagoen erkidegoetan osasun langilearen nahiaren arabera ematen dira agurrak; kasu batzuetan familiako kideak baimentzen ditu, baina beste kasu batzuetan pazientea hil eta gero izan dute horren berri familiako kideek.

Pertsonak bakarrik hiltzea “ankerra” dela esan du Javier Velasco DMDko presidenteak. Horregatik, protokolorik ez duten erkidegoei bat sortzea eskatu die, eta horretarako gomendioak egin, adibidez, familiako kide bat baino gehiago baimentzea seme-alaba bat baino gehiago dituzten familien kasuetan.