argia.eus
INPRIMATU
GAL jada “epaituta” dagoela esanez, PSOEk eta PPk González ikertzeari ateak itxi dizkiote Espainiako Senatuan
  • “Ikertuta eta epaituta” omen dagoela aitzakiatzat hartuta, PSOEk eta PPk bat egin dute GAL erakundea eta Felipe González ikertzea blokeatzeko.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 01
Felipe González GALekin lotzen zuen CIAren dokumentu argitaratu berriek ekarri dute estatu-terrorismoaren gaia berriro ere aktualitatearen lehen lerrora.

PSOEk eta PPk GALen inguruko ikerketa tramitatzeari uko egin diote Espainiako Senatuan. Iragan astean gauza bera egin zuten Kongresuan, Felipe González Espainiako Gobernuko presidente ohiak GALekin dituen loturak ikertzeko eskaera aurkeztu zenean. CIAren informe desklasifikatu baten bidez itzuli zen gaia eztabaida publikora.

Bi alderdiek gaia Senatuko bilkura osoak eztabaidatzea betatu dute. Euren ustez, ikertu nahi diren gertakariak “urrun daude”, eta bere garaian “epaituak eta ebatziak” izan omen ziren. Senatuak berak 1995ean GALen inguruan ikertzeko batzorde bat martxan jarri zuela baliatu dute argudio gisa. Batzorde horrek ez zituen bere ikerketa funtzioak bete ordea, Saenz de Santa María Teniente Jeneralak “egia kontatzearen” mehatxua jaurti baitzuen. Ondorioz, PPk ikerketa guztiak bertan behera utzi zituen.

GALen inguruko epaiketei dagokionez, Espainiako Estatuan bi kasu baino ez ziren iritsi epaitegietara: Segundo Marey eta Lasa eta Zabalarenak. Epaiketa horietan Felipe González ez zen erakunde terroristaren jarduera antolatzeagatik ikertua izan. Uztailaren lehenean onartu ez den proposamena EAJ, ERC, EH Bildu, JxCAT eta Ezker Konfederaleko 36 senatarik sinatu dute, eta GALen inguruan "gardentasunez " jokatzea eskatu dute, “kontu ugari oraindik ikertzeke baitaude”.