Ostegun arratsaldean dira onartzekoak legea Diputatuen Kongresuan. Aurretik ere Espainiako Selekzioarekin lehiatzeari ezezkoa ematen zion kirolariak zigorra zuen, baina lege berriak klubei ere ezarriko dizkie. Bi eta hamabost urte bitartez federazio lizentzia galtzea ekar liezaieke.
Ostegun arratsaldean dira onartzekoak Espainiako Diputatuen Kongresuan Kirol Lege berria. Haren harira goizean egindako eztabaidan, legearen ezkutuko ertz bat geratu da agerian: Kirol Lege berriak zigorrak ezarriko ditu Espainiako selekzioarekin jolasteari uko eginez gero. Zehazki, 98. Artikuluak “arau-hauste oso larritzat” jotzen du, bai selekzio nazionalarekin ez jolasteko kirolariaren beraren erabakia, baita kirol klubek euren taldekideei eragoztea ere.
Naiz-ek jaso duenez, orain arteko legeak ere zigorrak aurreikusten zituen kirolarientzat, lege berriak klubak ere jartzen ditu jo-puntuan. Ostegunean bozkatuko duten legearen arabera, isunak 3.000 eta 30.000 euro bitartekoak izan daitezke. Gainera, klubei kirol profesionalaren lizentzia eten diezaiekete bi eta hamabost urte bitartean.
Kirol Lege berri honen proposamenak aurretik ere eztabaidak eragin ditu. EAJk zuzenketa bat egin zion, eta horren arabera Espainiako autonomia erkidegoetako selekzioek nazioartean lehiatzeko aukera izango dute, erkidego bakoitzean tradiziozko diren edota jardun historiko luzeko kirolei dagokienez. EAEn pilotan eta surfean izango lukete horretarako aukera. Alderdi eta kirolari batzuentzat aurrerapausoa den bitartean, beste batzuentzat ulergaitza da aldaketa kirol modalitate batzuetara mugatzea.
EH Bilduko parlamentari Mertxe Aizpuruak ostegun goizean argitu du bere alderdiak abstentziora joko duela arratsaldeko erabakian. Azaldu du hasiera batean legea itxaropenez hartu zuten arren, ezin dutela alde bozkatu haren azpijokoak ikustean. Zehaztu du autonomietako selekzioetarako aukera kirol gutxi batzuetan soilik izateak ez duela Euskal Herriaren urte luzeetako eskaria betetzen. Bestetik, nazioko selekzioarekin jokatzea kirolarien eskubidea izan behar duela esan du, eta horren ordez legeak derrigorrezko egiten duela bat eta bakarrarekin lehiatzea, isun bidez.