argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Poliziaren infiltratu batek bi urte eman ditu Valentziako aktibismoan
ARGIA @argia 2023ko otsailaren 13a
Infiltratutako polizia, 2021eko maiatzaren 1eko manifestazio antifaxistan, segurtasun-lerroko kide moduan / La Directa

Lehenago, Kataluniako mugimenduetan infiltratu diren beste bi poliziaren kasuak azaleratu ditu Directak: iazko ekainean independentismoan eta etxebizitzaren mugimenduan infiltratutako Espainiako Poliziaren identitatearen berri eman zuen, eta aurtengo urtarrilean Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen poliziarena.

Bigarren infiltratu horren berri eman eta bi astera, Directak baieztatu ahal izan du agenteok ez zeudela bakarrik, Ester Fayos eta Irene Molina kazetariek azaldu dutenez. 2020ko martxoan, Ramón Martínez Hernández izenez aurkeztu zen gaztea Valentziako herri mugimenduetan sartu zen. "Ikerketa luze eta zorrotz baten ostean, Directa-k egiaztatatu du bere benetako identitatea R.M.F. inizialekin bat datorrela , eta Baix Llobregat eskualdeko herri batean bizi izan zela Avilako Polizia-akademian hasi arte". Haren identitatea argitara atera dute, bere zenbait argazki alderatuta adituek egindako proba fisinomikoen bitartez.

Operazio koordinatua

Kazetarien hitzetan, hirugarren espioitza kasu honek erakusten du Herrialde Katalanetako mugimendu ezkertiar eta antikapitalistak zelatatzeko operazio koordinatua dela, Eugenio Pereiro Blanco informazio-komisarioaren gidaritzapean, eta Espaniako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska buru duen egitura hierarkikoaren pean.

R.M.F. satorra, 2020 martxoan sartu zen Cuidem Benimaclet auzo elkartean, zeinak biltzen dituen familiak, pertsona heldu eta gazteak, Valentziako auzo horretako proiektu urbanistiko baten aurka egiteko. 28 urte betetzear zituen poliziak orduan. Ostean l'Horta zentro sozialean sartu zuen muturra, eta han egindako harremanak medio, baita beste herri mugimendu batzuetan ere. Hura ezagutu zutenek diote gazte atsegin, ixil eta lotsati samarra zela, eta ez zitzaiola bere iraganaz hitz egitea gustatzen. Bere etxean izan zen ekintzaileetako batek kontatu du orain arreta deitzen diola poliziaren logela hain aseptikoa izatea: "Ohe bat zuen, idazmahaia, kartelen bat eta liburu batzuk".

Kriminalistikan eta fisionomian aditu baten txostenak ziurtatzne du Valentziako infiltratua eta R.M.F polizia pertsona bera direla, "inongo zalantzarik gabe".

Satorrak ez zuen asanbladetan eta telegram taldeetan hitza hartzen, eta bere ideologia politikoa apenas plazaratzen zuen. Aldiz, edozein mobilizazio eta ekintzatan kolaboratzeko prest zegoen, Valentziako Acción Antifascista taldeko kide batek Directari kontatu dionez. Higiezinen edota faxismoaren aurkako ekintzak, mugimendu zapatistaren aldekoak... hamaika mobilizaziotan hartu zuen parte, antolaketa-batzordeetatik sarri.

Directak eman zuenean infiltratutako lehenbiziko poliziaren berri (2022ko ekainean), Ramón Martínezen inguruko pertsona batzuengan susmoak piztu zituen, bi satorrek antzeko ezaugarriak zituztelako: iraganari buruzko aipamen urriak, denbora gutxian kolektibo ugaritan parte hartzen hastea eta, Valentziakoaren kasuan, bat-batean desagertu izana. Orduan hasi zuen ikerketa Directa-k. Poliziak 2021eko irailean esan zien hurbilekoei Bartzelonara itzuliko zela, bere "lagunik onenetako batekin" bizitzen jartzeko. Agurtzean jakinarazi zuen jarduera politikoa utziko zuela, denbora gehiago eskaintzeko entrenamenduei ('muay thai' borroka estiloa praktikatzen zuen, l'Horta zentroan sartu zenetik) eta ikasketei (Valentziako Unibertsitateko gradu bat egiten aritu zen ordura arte). Valentziatik joan arren, mugikor bidez kontaktatzen jarraitu zuen zenbait lagunekin, 2022ko ekainera arte.

Valentziako herri mugimenduak militanteei eskatu die ez izutzeko. "Infiltratu bat egon bada, seinale gauzak ongi egiten ari garela", dio l'Horta zentroko kide batek, "ez gaitezen etxean sartuta geratu, kontrakoa baizik, militatzen jarraitu behar dugu, tentuz, eta gure praktikak berraztertu behar ditugu".