argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Poliziak LAB sindikatuko sei kide atxilotu ditu Iruñean
  • LAB Nafarroak sare sozialetan jakitera eman duenez, apirilaren 20 goizean Espainiako Poliziak sei kide atxilotu ditu Iruñean. 9:00etan atxilotuak lau direla azaldu du, baina goiza aurrera joan ahala gero eta kide gehiago atxilotu dituzte. LAB sindikatuak azaldu duenez, "antza, polizia operazioa irekita dago; hartara, baliteke atxiloketa gehiago egotea". Iker Karrera LABeko kideak salatu du "sindikalistak ekintza publikoak egiteagatik izan direla atxilotuak, eta hori egin dela emakume langileen eta sindikalismoaren ahalduntzearen aurka joateko".

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 20a

Sindikatuak adierazi duenez, atxilotutakoen artean dago Imanol Salinas, Zerbitzu Pribatuen federazioko kidea.

Izaskun Juarez, Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkaria ere atxilotu dute baina 10:00ak aldera askatu egin dute.

Ahotsa hedabideak zabaldu duenez, Martxoaren 8an eta garbiketa arloko greban izandako lan protesta ekintzetan parte hartzeagatik atxilotu dituzte eta Iruñeko polizia etxera eraman dituzte.

10:00etan elkarretaratzea egin dute polizi etxearen aurrean eta poliziak hainbat pertsona identifikatu ditu.

Elkarretaratze honetan Imanol Karrera LABeko kideak adierazi du demokrazia batean ez gaudenaren seinale direla atxiloketak. Gogor salatu du sindikalistak ekintza publikoak egiteagatik izan direla atxilotuak, eta hori egin dela emakume langileen eta sindikalismoaren ahalduntzearen aurka joateko. Fokoa egindako ekintza publiko horien arrazoietan jarri behar dela nabarmendu du; hots, funtsezkoak diren emakume langileen eta garbitzaileen aldarrikapenetan.

LABeko Idazkaritza Feministak salatu du "ez dugula onartuko sindikatuaren kontrako inolako erasorik emakume* langileen defentsan egiten ditugun ekintzengatik". Bilbon, LABeko pikete feministak mobilizazioa egin du zerbitzu publikoetako apirilaren 22ko greba dela eta. Bertan, Zerbitzu Publikoetako Federazioko ordezkari Eider Casanovak Nafarroan izandako atxiloketak salatu ditu, eta berretsi du "emakumeen langileen eskubideen defentsan jarraituko dugula lanean".