argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Poliziak gutxienez bost pertsona atxilotu ditu Iruñean, Pablo Haselen atxiloketaren harira egindako protestekin loturan
  • Gutxienez bost pertsona atxilotu eta beste bi deklaratzera deitu ditu Espainiako Poliziak. Pablo Haselen atxiloketaren harira egindako mobilizazioetako batean "desordena publikoa" eragitea leporatzen diete atxilotuei.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 05a
(Argazkia: Iruñerriko GKS)

Ahotsa.info-k ostegunean jakinarazi zuen gutxienez bost pertsona atxilotu zituela Espainiako Poliziak Iruñean, Pablo Hasel rap abeslariaren atxiloketa gauzatu ondotik egindako protestetan "desordena publikoak" eragitea leporatuta. Hedabideak emandako informazioaren arabera, atxilotuez gain beste bi pertsona ere deklaratzera deitu dituzte.

Efe agentziak, aldiz, atxilotu kopuru handiagoaren berri eman zuen, Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren informazioan oinarrituta. Atxilotuen zenbaketa horretan ez ziren bereizten atxilotuak eta deklaratzera deituak.

Naizek jakinarazi duenez, atxilotu guztiak aske daude jada.

Atxiloketen iturburua otsailaren 20an Iruñean egindako protesta da. Pablo Haselen espetxeratzearen aurrean manifestazioa deitu zuen Iruñerriko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak, eta ostean istiluak jazo ziren. Gertakari horien aitzakian atxilotu ditu Poliziak bost gazteak.

Poliziaren esku-hartzearen aurrean, ostegun iluntzean elkarretaratzea egin zuten Iruñeko Udaletxe plazan. "Eraso guztien gainetik, gure askatasun politikoen defentsa egiten jarraituko dugu", adierazi du Iruñerriko GKS-k sare sozialen bidez.