argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Poliziak aurpegiak automatikoki identifikatzeko sistema erabili nahi du urritik aurrera
  • Pedro Luis Mélida Polizia Zientifikoko komisarioak esan du identifikaziorako sistema berri hau “arma” gisa kontsidera daitekeela. Legearen onespena behar da aurten erabiltzen hasi ahal izateko.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 07a
Pedro Luis Mélida 2014an. Argazkia: Funtzio Publikoko ministerioa, Espainiako Gobernua

Espainiako Poliziak 2021eko urrian hasi nahi du aurpegiak automatikoki ezagutzen dituen sistema erabiltzen. Segurtasun indarrek denbora dezente daramate adimen artifizialeko (AI) tresnen erabilera ikertzen, eta abian jarri nahi duten sistema etorkizuneko “arma” izango dela diote. Identifikaziorako erremintek biztanleen intimitatean eta oinarrizko eskubideetan eragin izan dituzten urraketak direla-eta, polemika iturri izan ohi dira.

Pedro Luis Mélida Polizia Zientifikoko komisarioak astearte honetan azaldu du proposamena Madrilgo Konplutentse Unibertsitateko udako ikastaroetan. Mélida baikor agertu da segurtasun indarrek orain arte probatu dituzten erreminta berriekin, eta etorkizunean izango duten papera azpimarratu du: “Aurpegiak ezagutzeko sistemak `gelditzeko etorri dira´, potentzial handia dute, adimen artifizialarekin lotutako guztiak daukan bezala, eta horregatik uste dut polizia arma berri batez ari garela hizketan”. “Legearen onespena” lortzen badute, urrian hasi nahi dute sistema berria erabiltzen.

Halere, denbora asko da Espainiako Poliziak AIrekin lanean diharduela. Komisarioak azaldu du segurtasun indarrek sare sozialetan etengabe eta edonora zabaltzen diren argazkiak erabiltzen dituztela datu base gisa. Irudi horiek baliatzen dituzte bilatzen ari diren pertsonen aurpegiekin alderatzeko. Bestalde, segurtasun kamerek jasotako irudiak ere erabiltzen dituzte, eta teknologia horiekin jarduten duten enpresekin kontaktuan daude grabaketen kalitatea hobetzen laguntzeko. 

Intimitatearen urraketak

Aurpegiak identifikatzeko erabilitako sistemak pribatutasunaren eta intimitatearen aurka egiten dutenez, halako teknologien erabilerak eztabaida piztu ohi du. Ondorioz, polemika handia egon da segurtasun indarrek erreminta horiek erabiltzeko baimena izan beharko luketen erabakitzeko orduan.

Mélidak kasu batzuetan mugapenak egongo liratekeela azaldu du, irudi masiboak lortzeko orduan, adibidez. Dena den, komisarioak gogora ekarri du Europako beste hainbat herrialdetan erabiltzen den teknologia dela: Alemanian 2008an ezarri zen, eta Frantzian 2013tik baliatzen dute. Gainera, Naiz hedabideak azaldu du Europar Batasunak 400 milioi pertsona baino gehiagoren hatz-markez eta aurpegien argazkiz osatutako datu base bat erabiliko duela 2022tik aurrera.