argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Poliziak 2015ean jihadistei ohartarazi zien Mossoak atzetik zituztela, Kataluniako Poliziak salatu zuenez
  • 2015ean talde jihadista bat desegin zuten Esquadra Mossoek eta operazio horrek agerian utzi zuen Espainiako Poliziaren etsaigoa Kataluniako Polizia autonomikoarekin.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 24a
Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuen ostean Espainiako Poliziaren eta Kataluniako Mossoen arteko harreman txarrak agerian geratu dira.

“Karonte” izeneko operazioan 10 lagun atxilotu zituzten Mossoek, baita militante neonazi bat ere, Públicoren arabera talde jihadistako buruaren laguna zena –egunkariak azaltzen duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak azken hori kasuan ez inputatzea erabaki zuen, beste atxilotuei laguntza eskatu zien arren armak eta lehergailuak eskuratzeko, Bartzelonan “interes judutarren” aurka eraso egiteko–.

Mossoen salaketa argitaratu du Público egunkariak.

Operazio horretan Mossoek salatu zuten Espainiako Polizia tartean sartu zela, “ikerketa antiterrorista boikotatzeko asmo hutsez”, Públicoren arabera. Egunkariak argitaratu du Kataluniako polizia autonomikoak Auzitegi Nazionalean eta Espainiako Fiskaltzaren aurrean jarritako salaketa, zeinean eskatzen den ikertzeko ea funtzionario polizial batek edo gehiagok ikerketaren parte diren sekretuak jakinarazi dituen, hartara talde terroristarekin kolaboratuz.

Moncloa eta Generalitatearen arteko tentsioen ondorio

“PPk eskura izango balu Esquadra Mossoek Kataluniako lurraldean duten hegemonia leheneratzeko aukera, honezkero egina izango zuen, polizia autonomikoa utziz erakunde folkloriko gisa, jaiegunetan luzitzeko”, adierazi diote aipatutako egunkariari Mossoetako sindikatuen iturriek.

Ez da gaia argitara atera den lehenbiziko aldia. Jorge Fernández Díaz Espainiako Barne ministro ohiak 2015ean bertan erantzun zien Esquadra Mossoen salaketei: El Periódicok jaso zituen adierazpenetan esan zuenez, Espainiako Poliziari jihadistekin kolaboratu izana leporatzea “ez da ardura minimo bat daukan inolako pertsonaren buruan sartzen”. Fernández Díazek gaineratu zuen terrorismoaren kontrako politikak “estatu politika” direla eta beharrezkoa zela “bat egitea”.

Bartzelonako erasoen ondoren argitaratu diren berriak ikusita, badirudi polizien arteko harremanak ez direla oso onak.