argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Poliziak 100 isun baino gehiago jarri ditu Patxi Ruizekin elkartasunez egindako mobilizazioengatik
  • 600 euroko isunak dira, debekatutako mobilizazioetan parte hartzeagatik edo, ustez, pandemiaren aurkako segurtasun-neurriak ez mantentzeagatik. Isunetako batzuk mobilizazioetan parte partu ez zuten pertsonei jarri dietela salatu dute. Kasu batean isunduaren generoa nahastu egin dute poliziek, arbitrariotasunaren erakusgarri.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2020ko azaroaren 20a
Argazkia: EiTB

Oraindik ez dakigu zehazki zenbat pertsonari jarri dioten isuna, baina oraingoz 100 baino gehiago dira, bakoitza 600 eurotakoa (300€ datozen 15 egunetan ordainduz gero). Isunak bi mobilizaziori dagozkie. Biak maiatzean egin zituzten, Patxi Ruiz preso txantrearrari elkartasuna adierazteko. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak mobilizazioak debekatu zituen, nahiz eta horiek egin ziren. Polizia-atestatuen arabera, horietan ez ziren COVID-19ren kutsatzeak prebenitzeko ezarritako segurtasun-neurriak errespetatu, eta poliziek diotenez, horietan parte hartu zuten pertsonak identifikatu ahal izan zituzten.

Hala ere, Txantreako herri mugimendutik jakitera eman dutenez, pertsona batzuk ez ziren mobilizazioetan parte hartzen ari. Adibidez, bat lanean ari zen manifestazioa egiten ari zen unean, eta isuna jarri diote. Hala ere, Espainiako Poliziak esan du inolako zalantzarik gabe identifikatu zutela. Deigarria den beste xehetasun bat da Txantreako bizilagun batek jaso duen isun batean generoa nahastuta ageri dela. Emakumea gizon gisa identifikatu dute poliziek. Kasu horiek zalantzan jartzen dute isunen egiazkotasuna, edo, gutxienez, zalantzak sortzen dituzte identifikazioen fidagarritasunari buruz, haietako inori ez baitzitzaion eskatu nortasun-agiria.

Txantrean datuak biltzen jarraitzen dute eta isunei aurre egiteko dinamikak martxan jarriko dituztela iragarri dute.