argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Polizia CUPeko zuzendaritzan zelatari bat sartzen saiatu zen
Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko apirilaren 02a
CUPeko legebiltzarkide taldea, 2017ko martxoan.

Garai hartan, Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala harreman estuan ari zen Espainiako segurtasun indarrekin, hauek erreferendumari buruzko ikerketa areagotu zezaten. Testuinguru horretan eman zen CUPeko zale Marc –asmatutako izena da– izeneko pertsona lan horietan jartzeko ahalegina.

Apirileko egun haietako baten Marc-ek honako mezua jaso zuen bere telefonoan: “Pentsatzen dut jakingo duzula nor naizen, pasatuko naiz zure etxetik autoz, tartetxo bat besterik ez da izango”. Poliziak ezagutzen zuen Marc, iraganean atxilotu eta galdekatu egin zuen eta. Marc-ek Zalantza izan zuen poliziarekin egon ala ez, eta azkenean, urduritasunez betea, harekin egon zen.

Bazkaltzera joan ziren eta honek eskatu zion sator lana egiteko CUPeko zuzendaritzaren, “David Fernandezengandik gertu”, eta jaso zezala erreferendumari buruz prestatzen ari zen guztia. 700 euro emango ziotela hilero eta informazio garrantzitsua lortuz gero askoz gehiago.

Marc-ek uko egin zion lanari, baina ez zion inori esan poliziarekin egona zela, ezta honek egindako eskakizuna ere. Ordain ordea, bi urte geroago, “kontzientzia txarra zuela” eta gertatutakoa kontatu du.